ARGIA SARIAK > 2010

Telebista: Eriz Zapiain

Ikus-entzunezko Komunikazioak ikasten hasi zen, betidanik gustatu izan zaiolako mundu hori, zehazki esateko, dokumentalena. Eta hara, mundu horixe bilakatu du ogibide Eriz Zapirainek (Donostia, 1974). Argian trebatu zen kazetaritza lanetan hiru urtez eta horren ondoren eman zuen pausoa ikus-entzunezkoetara, 2001eko Salda Badago izeneko proiektuarekin, karreran euskal rock erradikalaz egindako bideozko elkarrizketa batzuk baliatuz. Hain zuzen, proiektu hartatik sortu zitzaion Ez Dok Amairuren historia jasotzen duen Zai zoi bele dokumentala egiteko gogoa.

Dokumental horretan Zapirainek egindako lana saritu nahi izan du ARGIAk, besteak beste, gaur egun ez delako erraza patxadarekin, mimoz eta su baxuan egindako lanak aurkitzea telebistan edota ikus-entzunezkoen arloan. Lau urte pasa ditu Zapirainek proiektuarekin “ez esklusiboki, jakina”, baina lau urte, eta horrek arriskatzea esan nahi du, azken emaitzak merezi duela sinestea. Bidelagun hainbat pertsona izan ditu: Amets Arzallus aurkezle-gidaria, Juantxo Sardon eta Carlos Sedano kameralariak, Xabier Zapirain errealizadorea... “Eskerrak eman nahi nizkieke Orio Produkzioak-eko Unai Ibarbiari eta Martin Ibarbiari, apustu garbia egin eta ikusi zutelako dokumentala egin beharra zegoela. Beti izan dut haien babesa”.