ARGIA SARIAK > 2010

Publizitatea: AEK matrikulazio kanpaina

Ez zegoen beraien aurreikuspenetan horrelako saririk irabaztea, baina Mertxe Mujika AEK koordinatzailearen esanetan matrikulazio kanpaina on baten errekonozimendua izan da eta pozez hartu dute. AEK, euskara ikasteko biderik laburrena izenarekin publizitate koloretsua eta umoretsua egin dute: “AEKren ezaugarriak islatzen saiatu gara, hurbiltasuna eta kalitatea islatzen –dio Mujikak–. Euskaraz bizi, lan egin, maitatu eta ikasi daitekeela azaldu nahi izan dugu” Abadiñoko Dida komunikazio enpresarekin elkarlanean egin dute kanpaina, urte asko daramate beraiekin lanean, bi urtero egiten den Korrika eta bestelako ospakizun edo kanpainei oihartzuna emanez, eta feeling hori nabaritzen dela esan digu euskaltegiko arduradunak.

Matrikulazio kanpaina ondo joan zaio AEKri, Mujikaren hitzetan “faktore asko egongo dira matrikulak igotzeko, baina horietako bat aurtengo publizitate erakargarria izan delakoan gaude”. Dena den, horrelako ekimenak behin eta berriz egin behar direla ohartarazi du AEK-ko koordinatzaileak “jendeak badaki euskaltegiak hor daudela, baina beharrezkoa da hori birgogoratzea”. Horrez gain, bere ustez garrantzitsua da holako kanpainek euskararen sustapenerako eta zabalpenerako duten lotura azpimarratzea.