ARGIA SARIAK > 2010

Kronika | Sei Argia Sari berri komunikazioaren aldarri

Txitxardin Beltxa, urtarrilak 29. Euriak ez du treguarik eman, baina bertara bildutakoek badute aterpea, lagunartera biltzeko arrazoia, hizketarako aitzakia. Argia Sariak 2010 dira. Euskal gizartearen eta kulturaren ordezkaritza zabala hor dago, euritik salbu, tan-tan pean, urteroko zitari hutsik egin gabe.

“Adiskideoook, lagunoook, lankideook, garbitzaileook, zikintzaileook, ipurdi milizkatzaileook...” “Mirri eta Txiribiton! Nahikoa da!”.

Ezin zuen beste modura izan, Txirrik bere bi lagunei errieta egin behar izan zien, eta horrela bukatu zen 2010eko Argia Sarien banaketa. Merezimenduzko saria merezita dutela ederki demostratu zuten Xabier Otaegik, Jose Ignazio Ansorenak eta Txema Vitoriak; berdin jartzen dutelako barrez nola haur bete frontoi hala kameraz betetako jatetxe dotore.

Urtero moduan, euskal kazetaritzako, kultur munduko eta gizarte nahiz politikako ordezkari ugari izan zen Txitxardinen Argia Sarien aurtengo edizioaz gozatzeko. Horien artean sarituak, jakina, batzuk urduri, gehienak inoiz baino gusturago... Itxaro Bordak, Prentsako sariaren irabazleak, ezin izan zuen ekitaldira agertu, baina saria eman ondorengo bere inpresioak bideoz jarraitu ahal izan zituzten bertara joandakoek.

Saridun guztiek egin zituzten hitz batzuk eskerrak emanez edota beren ibilbidea laburbilduz, eta baten batzuek unea aprobetxatu zuten ziria sartu eta bromak egiteko. Agin Rezola Irratiko sariaren irabazleak, esaterako, ez zuen aukerarik galdu; hara zer bota zuen Info7ko kazetariak: “Lankideek esan didate gehiegi ez harrotzeko, gero harrokeria hori garesti aterako zaidala... Baina total, zer pagatu beharko dut, “argia”ren faktura?”.

Umorea eta giro alaia nagusitu ziren, beraz, aurtengo sarietan. Eta hori guztia errematatzeko, Argiako “koroak” emanaldia inprobisatu zuen, jatetxe osoa orfeoi erraldoi bilakatuz: Prentsa libre bizia beti Argia! / Gora prentsa zaharra eta berria...

Argia.com-en, zuzenean

Badira bizpahiru urte Argia Sariak bideoz ikus daitezkeela. Baina aurten beste urrats bat eman eta lehen aldiz zuzenean ikusi ahal izan da ekitaldi osoa Argia.com-en. Argiako lankideek, Jexux Mari Irazuren laguntzaz, saio berezia eskaini zuten sarean jarraitu ahal izateko: sarien banaketa, aurkezpenak, elkarrizketak... Paperezko prentsa eta Interneteko komunikazioa uztartzeko bidean pauso bat gehiago.

Arriskatzeak merezi duenean

Arriskua, originaltasuna, berritasuna, apustua... Aurtengo sariak emateko arrazoien artean behin eta berriz tartekatzen diren hitzak dira horiek. Beren lanean, ekimenetan eta proiektutan konfidantza izan eta askatasunetik jardun duten sei pertsona/talde saritu nahi izan ditugu, euskarazko komunikazioari egin dioten mesedea eskertzeko.

Aurkezpen bideoa