ARGIA SARIAK > 2009

Merezimenduzkoa: Mikel Atxaga

70eko hamarkadan Zeruko Argian kazetari lanean hasi zen, eta Deian urte asko egin ondoren, duela urte gutxi hartu zuen erretiroa. Euskaraz aritzeko aukera eta etorria izan dituela dio berak, eta pozik dago horregatik. Ez zen garai ederretan hasi kazetari lanean, ez behinik behin euskaraz aritzeko. 1970 eta 1977 urteen artean Zeruko Argian aritu zen. Haiek urte gogorrak izango zirela esan diogu. Hara erantzuna: “Urte gogorrak eta itxaropentsuak. Franco xahartuta zegoen eta laster hilko zenaren esperantza bagenuen. Bai, beldurra, ikara pasatzen genuen batzuetan, baina gauzatxo batzuk egiten ari ginenaren irudipena genuen”. Anparo Arangoa torturatuaren argazkiak atera zituzten eta baita “telefonazo” gogorrak jaso ere. Astekariaren zenbaki hura asko zabaldu omen zen eta Zeruko Argia ezaguna egin zen euskaltzale ez zirenen artean ere. Azalean ikurriña jarri zuten beste batean eta ilegalizatuta zegoenez susto batzuk jaso zituzten. Epaitegietara buelta batzuk egin zituen Atxagak, gehienetan 25.000 pezetako isuna pagatzera joanda. Eta hala esan digu: “Zain egoten ginen isuna noiz jarriko”, “Nola?” harrituta esan diogu, “bai, diru biltzea egiten genuen isuna ordaintzeko eta ohikoena zen ordaindu behar genituen 25.000 pezeta horiek baino gehiago biltzea”.

Zeruko Argiatik Deiara egin zuen jauzi. Jarduna aldatu zitzaion han, batetik, astekaria utzi eta egunerokoan hasi zelako lanean, eta bestetik, ia dena gaztelaniaz argitaratzen zuen egunkarian euskaraz aritu zelako. Alegia, “eduki interesgarrienak gaztelaniaz ziren eta euskaraz bazterreko notiziak”.