ARGIA SARIAK > 2009

Kronika | Garaikur berriak

Argia Sarien 20. edizioa ospatu zen urtarrilaren 30ean. Ehundik gora lagun bildu ginen gizarte, politika eta kultura alorrekoak. Bilgunea Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxea izan zen, han ederki bazkaldu eta gero izan baitzen sari banaketa.

Iaz baino denbora gehixeago itxaron behar izan zen Txitxardin Beltxan sarituak nor ziren jakiteko. Izan ere, Argia 90. urteurrena ospatzen ari da aurten. 1919. urtean hasi zen Zeruko Argia eta 1921ean Argia. Aspaldiko kontuak eta ez hain aspaldikoak, etxean egindako bideoak erakutsi zizkigun. Argiaren ibilbidean parte hartu duten –eta orain ere horretan ari diren– hainbatek azken urteotako gorabeherak errepasatu zituzten. Bideoaren ondoren, ohitura legez, Xabier Letona Argiako zuzendariaren hitzaldia –hurrengo orrian dituzue bere hitzak–.

Ondoren gonbidatuen belarriak tente-tente jarri ziren; saridunen merituak entzun ahala sariduna nor zen asmatu nahian ibili ziren. Erlo Telebistako Iban Bengoetxeak hain txiki izanda beraietaz gogoratzeagatik pozarren hartu zuen saria. Txikia txiki, “Yes, we can, re dio!” esanez bukatu zuen hitzalditxoa. Joseba Barandiaran Irrati alorreko sariduna berriz, harrituta zegoen saria jaso zuelako. Aurreko saridunak errepasatu omen zituen eta zalantzak zituen merezimendu nahikoa egin ote zuen. Prentsa saria Patxi Huarte Zaldi Eroarentzat izan zen. Ez omen zuen ondo bazkaldu, urduri baitzen saria jasotzeko. Argiari eskatu zion datorren urtean berriz gonbidatzeko. Publizitate saria Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo (Gipuzkoa) alkateak jaso zuen Margotu egunak atez ateko zabor bilketaren kanpainagatik. Udalak ez zuen alferrik irabazi Publizitate saria, alkateak ehundik gora lagun begira izatea baliatu zuen haien zabor bilketa sistema azaltzeko. Internet saria Piarres Beobide eta Julen Ruizek jaso zuten, Librezale lantaldearen izenean.

Bereziki hunkigarria izan zen Merezimenduzko saria. Duela gutxi arte kazetari lanean aritu den Mikel Atxagari eman zitzaion. Bere ordez esker oneko hitzak irakurri zituen Elixabete Garmendiak eta berak eman zion eskura Argia saria.

Saridunak aipatu ditugu baina ez sariak. Anton Mendizabal eskultoreak berritu egin ditu ikurrak, Argiak logoa aldatu duela aitzakia hartuta.

Aurkezpen bideoa