ARGIA SARIAK > 2009

Irratia: Joseba Barandiaran

Bilbon bizi den legazpiarra duela dozena bat urte hasi zen Euskadi Irratian ekonomiaz hizketan. Jaime Otamendik harrapatu zuen Legazpiko kaleetan eta irratian ekonomiaz beste tertuliakide batzuekin aritzeko gonbita egin zion. Halaxe hasi zen Madrildik, han ikasten ari baitzen; eta orain Bilbotik ia egunero hitz egiten du. Duela hiru-lau hilabete hasi da maiztasun horrekin, ekonomia ahotan duela. Irratiko arduradunek zalantzak zituzten ea egunero ekonomiak minutu pasatxoko tartea betetzeko adina emango zuen. Barandiaranek garbi zuen, “begira futbolak zenbat minutu betetzen dituen. Ekonomiak beteko ez du bada, beste kontu bat da zenbat entzuleren arreta irabaziko genukeen”. Orain ez dute beldurrik, garai oso “egokia” suertatu zaie, krisi betean. Informazioa ulergarri eskaintzen duela eta konfiantza ematen duela esan diogu: “Ekonomiari, urrun eta ezezagun ospea kendu nahiko nioke, saiatzen naiz hitzek, kontzeptuek zer esan nahi duten azaltzen. Konfiantzari dagokionez, jendeak zalantza dauka: krisia hainbesterainokoa da ala hedabideek haizatu dute? Nik ez nuke nahi baikorregi agertu, ez naiz politikoa. Egia da hedabideek berri txarrak pilatu dituztela. Horrek jendearengan eragin dezakeela? Bai, baina ez dugu gezurrik esaten.

Barandiaranek finantza erakunde batean egiten du lan eta bertsozalea ere bada. Irratiz ekonomiaz komunikatzeko lanbideak laguntzen diola ez da zalantzarik, baina bertsotan ikasi izanak lagundu ote dion... ez omen da batere bertsolari ona, berak dioenez.