ARGIA SARIAK > 2008

Telebista: Mihiluze

Gauero afalorduan agertzen zaizkigu telebistan Ilaski Serrano, Kike Amonarriz, lehiakideak eta gaueroko jolasak. Pantailaren bestaldean, sofan eserita, jolasteko prest dagoen familia. Beraz, hasieratik izan zuten helburuetako bat lortu dute: adin eta euskara maila ezberdina duten pertsonek etxetik ere jolastu ahal izatea. "Gure obsesioetako bat da", aitortu digu Kike Amonarrizek.

Izugarrizko arrakasta izan du saioak, zalantzarik gabe. 2006ko urtarrilean hasi zenetik 500 pertsona baino gehiago lehiatu dira heldu zein haurrekin eginiko saioetan. Are gehiago, parte hartu nahi dutenen zerrenda oso luzea da.

Zer da zer?, Potokumeak, Esamesak... Probetako batzuk baino ez dira. Zazpi dituzte guztira eta Amonarrizek azaldutakoaren arabera, lehiakide bakoitzak ezberdin bat du gogokoen. Horregatik diseinatu dituzte hain jolas ezberdinak.

Kalean ere nabari dute jendeak Mihiluze jarraitzen duela eta oso iritzi positiboak jaso dituzte. ARGIA Saria jaso berritan pozik topatu dugu Kike Amonarriz: "Euskal kulturaren gune garrantzitsutik jasotakoa da eta orain arte egindako lanaren esker publikoa jasotzen dugu honekin".

Gure hizkuntza komunikatzeko baino gehiagorako erabil daitekeela erakutsi digute, baita euskara eta umorea uztartuz jolastu gaitezkeela
ere.