ARGIA SARIAK > 2008

Publizitatea: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren euskara sustatzeko kanpaina

Aritz Aranburu surflaria izan da bukatu berri dugun urteko kirol arloko protagonistetako bat. Baina ez da familiako ospetsu bakarra, ezin baitugu bere amona ahaztu. Lisatzeko mahaiaren gainean bilobaren mugimenduak errepikatu eta "Aupa Aritz" esanez ezagutu dugu. Nork ez du ikusi iragarkia?

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako kanpaina erakargarria bada ere mezuan du mamia. Euskal komunikabideetan guztientzako eskaintza zabala eta kalitatezkoa dagoela adieraztea du helburu. Miren Dobaran, HPSko euskara sustatzeko zuzendariaren esanetan ohorea da ARGIA Saria jasotzea. Baina hausnarketarako hitzak ere utzi dizkigu: "Badakigu urtean zenbat euskaldun berri gehiago dauden eta hedabideen kontsumoa ez da hazten. Hor hutsunea dago eta hausnartu behar dugu zergatik ez duten euskaldunek euskarazko hedabiderik kontsumitzen".

Sariaren muinera itzuliz, argi dago euskarazko komunikabideak ez saltzearen arrazoia ez dela eskaintza falta. Beraz, beste leku batzuetan
jarraitu beharko dugu erantzun bila.