ARGIA SARIAK > 2008

Prentsa: Imanol Murua Uria

ARGIAn kaleratu zuen lehen artikulua 1987an, 21 urte zituela. Oraindik ikasketak amaitzeko zituen, baina irratian ere lan txikiak egindakoa zen. Zarauzko Arraio irrati librean izan zuen horretarako aukera, jaioterriko hedabidean alegia. Lehen artikuluaz geroztik hasi zen kazetaritza egun ulertzen duen modura barneratzen.

Bilboko eta Donostiako ARGIAn ibili ondoren Euskaldunon Egunkariaren sorreran parte hartu zuen. 1994an atsedenalditxo bat hartu bazuen ere ez zen geldirik egon. Egindako bi bidaiaren harira bi liburu idatzi zituen: Su etena Belfasten eta Palestina zauritua. Bost urte beranduago itzuli zen Egunkariara eta orduan hasi zen politika sailean. 2001ean politika kronista egin zen Euskaldunon Egunkaria itxi zuten arte. Berria sortu zenetik bertako politika sailean idazten du.

Horretaz idazten hastearen arrazoietako bat halabeharra izan zela badio ere, bertan lortu du arrakasta. Egunero egunkarian egindako lana
blogera ere eraman zuen. Esperimentu polita izan zen. Blogak norberaren irudipenak, galderak eta zalantzak agertzeko askatasuna ematen du, aitortu digu. Bi urte igaro ostean utzi zion bere gunea elikatzeari, agortua ikusi zuelako bere burua.

Garbi du saririk handiena irakurleak izatearena dela, baina beti eskertzen ditu bestelakoak ere. Azken bi urteotako bigarren saria du hau eta bereziki estimatzen duela onartu digu, bertan hasi zelako kazetaritzaren oinarriak ikasten.