ARGIA SARIAK > 2008

Merezimenduzkoa: Emilio Lopez Adan "Beltza"

"ARGIA k emandako beste adiskidetasun marka bat da" esanez definitu digu Emilio Lopez Adanek jasotako saria. Adiskidetasuna baino zerbait gehiagogatik jaso du saria, ordea, eta zerikusirik izango du euskarazko komunikabideetan izandako parte-hartzeak.

1946an jaiotako gasteiztar hau 28 urte inguru zituela hasi zen hedabideetan kolaboratzen eta oraindik ere horretan segitzen du, lanbidez ginekologoa izanagatik. Hasierako garai haietan ez zegoen kazetaritza ikasketarik Euskal Herrian eta ondorioz euskal kazetari profesional gutxi zeuden. Aldizkarietan idaztea militantzia kontua zen eta Emilio Lopezek ere hala azaldu du: "Ez naiz
kazetaria, militantea izan naizela esan liteke".

Idaztea atsegin duenik ezin du ukatu eta horren erakusgarri dira eginiko literatur lanak eta ikerketa historikoak. Prentsa ere izan du iritziak agertzeko euskarri, irrati eta telebista ahaztu gabe, noski. Telebista da gutxien ezagutzen duena eta nabari da, kazetaritzaren arlorik atseginenaz galdetzerakoan prentsara jotzen baitu berriro: "Aldizkari batzuetan dagoen espiritua dut atsegin; jendeari adierazten uzteko eta adierazpenak sustatzeko dagoen askatasuna".