ARGIA SARIAK > 2008

Irratia: Arratsaldekoa

Dinamikotasuna, kultura, gaurkotasuna, eztabaidagunea... Hitz asko erabil daitezke Arratsaldekoa saioa deskribatzeko. Hiru emakume dira astelehenetik ostiralera irratiaren uhinetatik gure etxe zein lantokietan sartzen direnak: Arantxa Iturbe, Nekane Peñagarikano eta Tere Beloki. Hogei urte baino gehiago daramatzate irratian hiruek, azken bostak Euskadi Irratiko tarte sarituari eskainiak.

Duela urte batzuk ezagutu zuten elkar Jaime Otamendirekin batera egindako Goizean behin saioan. Urte asko han pasa ondoren iritsi zitzaien Arratsaldekoa gidatzeko aukera. Kulturari arreta berezia eskaintzen dion saioa da, batetik, programazioan horren beharra zegoelako eta bestetik beraien nahia zelako. "Hor kokatu ginen eta espezializatzen hasi ginen", azaldu digu Arantxa Iturbek.

Baina kultura ulertzeko bestelako modua dutela erakusten dute arratsaldero. Euskarazko kultur produkzioari jarraitu eta horien aurkezpena egiten dute, kolaboratzaile sarearen laguntzaz. Hauen garrantzia azpimarratu nahi izan du Iturbek: "Asko gustatzen
zaigu jendeak duenetik ematea". Egunero egiten duten lanagatik oso pribilegiatuak sentitzen dira, gustuko lanean baitabiltza. Hori saritzea, berriz, luxua da beraien esanetan.