ARGIA SARIAK > 2007

Telebista: Wazemank

Ezin ukatu arrakasta izan duenik, 2005eko udan hasi zenetik, ETB1eko umore saio honek. Guk audientzia datuak ez dauzkagu eskutan, baina kalean Wazemankek izan duen eragina begi-bistakoa da. Nola lortu dute halako arrakasta? Anjel Alkain zuzendariak dioenez, umore «freskoa, ganberroa eta gaztea» egiten dute. Euskal Herriko eguneroko gertaeretan oinarritzen dira eta zenbait esketx bertakoek ulertzeko modukoak dira, baina umore unibertsala ere lantzen dute. Futbola eta politika ez dituzte lantzen, aspergarriak iruditzen zaizkielako. Gainerakoan, telebista kate horretako beste saioen karikaturen bidez ere, ikus-entzuleen barrea edo irria eragiten saiatzen dira: Goenkaleko esketxak eginez, hainbat saiotako aurkezleak imitatuz... Euskaltzaindia ere ez dute bakean utzi, eta ez da harritzekoa. Hizkuntzari garrantzia handia eman diote eta oso ondo zaindu dute erabilera. Euskara zurrun eta akademikotik urrundu eta kaleko jendeak darabilen hizkerara hurbildu dira; euskara bizia erabili dute eta euskalkien zein herri hizkeren alde egin dute. Nola ez, hitz jokoek, esamoldeek arrakasta handia izan dute, esan nahi dugu, kalean hitzetik hortzera entzuten direla «koxk», «eongo gatxik», «izan untsa» eta tankerakoak.