ARGIA SARIAK > 2007

Internet: IKTeroak

Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza Ikastolak IKTak bultzatzeko asmoa agertu zuen duela bi urte. Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak da IKT siglen esanahia. Nola lortu teknologien mundua irakaskuntzarekin uztartzea? Jokin Lacalle Jolaus irakaslea hasi zen gaiari tiraka eta laster Maite Goñi Sei eta Mikel Etxarri Magic gurdira igotzea lortu zuen. Helburua eskolako irakasleen zein ikasleen artean teknologia berrien eta irakaskuntzaren arteko harremana sendotzea zen. Ez zaie erraza egin irakasleengan eragitea, mundu hori arrotza zaielako eta norberak landutako gaiak, esate baterako Interneten partekatzea kosta egiten zaielako. Ikasleak hobeto moldatu dira, nahiz eta lanean hasi zirenean ezustekoak izan. Lacallek adierazi digunez, «jendeak uste du haurrak Interneten izugarri ondo moldatzen direla, baina messenger-ez, hotmail-ez eta word-ez gain ezer gutxi dakite». Baliabideak eskura jarri eta erakutsi egin diete ikasleei, beraiek aportatu, partekatu ditzaten edukiak, iritziak... Lacalleren ustez, «ikasleak eskolak hartzera ohituta daude, ikastetxera etorri, jaso eta etxera. Irakas eredu hori aldatu nahiko genuke». Eskolan, beraz, ari dira ikasleak eta irakasleak zirikatzen, baina erreakziorik bikainena eskolatik kanpo jaso dute, azken finean «euskal blogosfera existitzen delako» eta mundu horretako esperimentatuek segitzen dutelako IKTeroen bloga: http://ikteroak.blogsome.com.