ARGIA SARIAK > 2007

Merezimenduzkoa: Aizu!

AEKren Aizu! aldizkariak 25 urte bete ditu. Euskaltegietan euskara ikasteko ahaleginean ari ziren ikasleentzat tresna izan nahi zuen Aizu!k. 25 urteotan gauzak aldatu direla aitortu digu Eñaut Mitxelena aldizkariko koordinatzaileak, orain euskaraz trebatzeko baliabide askoz gehiago dago. Hala ere, hilero argitaratzen den aldizkariak hasierako funtzioa betetzen segitzen du: euskaltegietako ikasleei ikasketekin laguntzeko tresna da. AEKren euskaltegietako ikasle guztiek jasotzen dute aldizkaria eta sarritan ikasgelan bertan erabiltzen dute material gisa. Bistakoa da hori aldizkarian; elkarrizketa, erreportaje edo dena delakoetan, esate baterako, hiztegitxo batzuk ageri dira ikasleei laguntzeko. Idazteko orduan ere Mitxelenak esan digu estiloa zaintzen dutela, hau da, estilo sinplea, garbia erabiltzen saiatzen dira euskara ondo menderatzen ez dutenak hobeto molda daitezen. Aizu! ez da, ordea, ariketaz osatutako aldizkaria eta edukiek badute helburua: euskal kultura ikasleei gerturatzea. Gainera, irakurle bakarrak ez dira ikasleak, harpidetza sistemaz edozein herritarrek jaso dezake etxean Aizu! eta hainbat kioskotan ere eros daiteke.

AEK-k behin baino gehiagotan esan du albisterik onena euskaltegiak desagertu direla esatea izango litzatekeela, haien beharrik ez dugulako. Ez diogu opa Aizu!ri ateak ixtea, baina ederra litzateke euskara ikasleentzako baino, aldizkaria euskara ederki menperatzen duen irakurlearentzako izatea.