ARGIA SARIAK > 2006

Telebista: Postdata

Postdata 2002ko urrian sortu zen, Gaur Egun albistegiei post-data bat jartzearren. Ohiko albistegietan lekurik ez duten gai, gertakari eta pertsonaiei tokia egiteko helburuarekin jaio zen, telebista frantseseko Talent de Vie tartea eredu hartuz. Egun, filosofia bera mantentzen du, Elixabete Garmendia kazetariak dioen moduan, «bokataren tarteko jakia» delako Postdata, «albistegietako berri ilunen eta Eguraldiak iragarri ohi digun zaparraden artean». Elixabete Garmendiarekin batera, Joxe Mari Gabiria, Nerea Iriarte eta Unai Loidi kazetariek egiten dute Postdata. Maddalen Iriarte da tarteko koordinatzailea, Jesus Serrano errealizadorea eta Juanma Escudero produktorea.

Irudia eta hitza lotzeko modu erakargarria du Postdatak eta dotoreziaz lantzen ditu gaiak. Azken finean, forma zaintzeko astia hartzen dutela argitu digu Garmendiak, irudiak nahiz musika eta giro soinuak kontuan hartuz. Gaur Eguneko mugetatik at, adin eta mota guztietako ikusleei zuzendutako istorioak jorratzen dituzte, batez ere kultura eta gizarte arlokoak. Euskaraz pentsatuak eta hemengo ikuspegitik eginak izatea dira irizpide nagusiak. Hiru minutu denbora gutxi da eta Garmendiak dio tarte horretan ezin dela ezer sakon jorratu, baina hori ez da xedea, ez direlako dokumentalak, «pintzeladaz osaturiko zirriborro inpresionistak» baizik. Hiru minutu horiei zuku guztia ateratzeko, «telebistarako hizkeran komunikazio zuzenagoa, biziagoa, borobilagoa lortu nahi dugu, erreportaje bakoitzak eskatzen dituen irudi, soinu eta hizkuntza baliabide egokienak erabiliz». Lortu dutelakoan gaude, eta horregatik eman diegu saria.