ARGIA SARIAK > 2006

Sareko Argia: Gastesarea.net

Alternatiboa, gaztea, dinamikoa, freskoa, umoretsua edo ausarta dira euskal blogarien atarietan web gune honi buruz aurki daitezkeen loreetako batzuk. Izan ere, gazteek gazteentzat egindako web berritzailea eta berezia da Gaztesarea ekimenarena. Ion Telleria Gaztesareako kideak azaldu digunez, martxoan hiru urte beteko dituen egitasmoaren orain arteko bilakaerak bi ardatz nagusi izan ditu: «Gazteen arteko komunikazioa areagotzea eta berri-agentzia herritarra garatzea». Hala, atarian, gazteek herrietan egiten dituzten ekimenen berri beraiek ematen dute zuzenean. Edonork albisteak -eta argazkiak, nahi izanez gero- bidali ditzake, jardueraren edo ekintzaren baten berri emateko. Behar izanez gero, albistea Gaztesareako kideek forma aldetik moldatzen dute eta automatikoki azaleratzen da. «Gure lana kudeaketa hutsera mugatzen saiatzen gara eta berrien eguneratzea jendeak bidalitako informazio kopuruaren araberakoa izan ohi da», azaldu digu Telleriak. Beraz, erabiltzaileen parte-hartzea ezinbestekoa da web gunearen egituran. Aurtengo hurrengo erronka, berri-agentzia garatzeko buletinak eta teletipoak sartzea izango da.

Berriak jasotzen dituen Info izeneko atal horrez gain, Gaztesarea.net-ek Arbela -hezkuntzari buruz-, Gozategi -sexualitatea-, Kalaportu -kultura- eta Musikale -musika- guneak biltzen ditu. Horien bitartez, gazteen arteko harremanak indartzea eta atal bakoitzean sakontzea dira helburuak. Azken finean, web orrialdea konforme ez dagoenaren lekua dela argitu du Telleriak. «Uste dugu ez dela erakusten gaztediaren gaur egungo errealitatea. Komunikabideetan beti datu ezkorrak ematen dituzte, gazteak drogazaleak eta buruarinak garela diote eta eguneroko errealitatea desberdina dela erakutsi eta zabaldu nahi dugu. Euskal Herriko txoko askotan lan berdina egiten dela eta bakarrik ez gaudela jakiteko modu ona ere bada web gunea».