ARGIA SARIAK > 2006

Merezimenduzkoa: Hik Hasi

Hik Hasik hamar urte bete ditu, hamarkada bat euskal hezkuntzan parte hartzen dutenen informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izaten. Hasieran, proiektuan inork gutxik sinesten zuela diote elkarteko kideek; «alde batetik, ez zitzaiolako bideragarritasun ekonomikorik ikusten eta bestetik, zalantzan jartzen zelako horrelako proiektu batentzat lekurik ba ote zegoen». Baina Arantxa Urbek, Ixiar Eizagirrek, Ainhoa Azpirozek eta Joxe Mari Auzmendik osatutako lantaldeak eta izan dituzten laguntzaileek urte hauetan guztietan frogatu dute elkartearen beharra. Azpirozek azaldu digunez, euskal hezkuntza sistema gizartean ongi erroturiko norabide euskaldun baterantz bideratzea da beraien egitekoa, «normalizazioa lortu arte». Herritarren kohesioa bilatuz, curriculum propioa egitea da helburua.

Horretarako, aldizkaria dute tresna nagusia. Berrien, erreportajeen nahiz elkarrizketen bidez, argitalpenak heziketarekin zerikusia duten azterketa mamitsuak eskaintzen ditu hilero, «betiere berrikuntza pedagogikoei eta proiektu berritzaileei lekua eginez». Adituen iritziez gain, ikastetxeetatik eta unibertsitateetatik egindako ekarpenak ere jaso ohi ditu aldizkariak, elkarren berri izatea garrantzitsua iruditzen baitzaie.

Udako topaketa pedagogikoak, monografikoak, Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida eta kaleratutako liburuak eta filmak egin ohi duten lanaren beste adibide batzuk dira. Hik Hasik ekarpen baliagarriz betetako hamar urte egin ditu, ezbairik gabe.