ARGIA SARIAK > 2006

Kronika | Euskarazko komunikazioan sei sariak argituak

Argia Sariak urtarrileko azken ostiraletik kendu eta udaberri aldean antolatzeko batek baino gehiagok aholkatu zigun Txitxardin Beltxa jatetxean. 2005eko sari banaketa egunean elurraren erruz hainbat gonbidatu bidean geratu zen, eta aurten ere, bateren bati beste hainbeste gertatu zaio, ia-ia saridunen bat ere etorri gabe geratu zen... Elurrak elur, ehundik gora lagun bildu ginen Argia Sarien 17. edizioan. Sabelari inbidia emateko adina mokoka egin ondoren, jatetxeko epelean bildu ginen denok eta ARGIAko Esti Paradak egindako ongietorriaren ostean, bazkari bikaina dastatu genuen.

Postrearekin heldu ziren sariak eta, sariak baino lehen, Xabier Letona ARGIAko zuzendariaren hitzak. Besteren artean, Del Olmo jauna izan zuen gogoan, egun hartan bertan eta bezperan, Madrilen, Egunkaria auzikoen auziperatzeak aurrera egin behar zuen ala ez aztertzekoak baitziren. Elkartasuna adierazi zien Egunkaria auziak ukitutako guztiei eta bereziki auzipetuei. Elkartasuna adierazi zien baita ere, 18/98 auzian diren guztiei.

Ondoren, zuzendariak sariei eman zien bide. Aurten, Antton Mendizabalek egindako sei sariak banatu ditu ARGIAk. Bi urte jarraian Publizitate saria hutsik geratu bada ere, aurten Bertsozale Elkarteak jaso du Txapelketa Nagusia lau haizetara zabaltzen asmatu duelako. Prentsakoa Fermin Etxegoienek eraman du Berrian telebistaz idatzitako kritikengatik. Irratikoa berriz, Euskadi Irratiko Maite Artola esatariak. Telebistako saria EITBko Postdatak jaso du eta Sareko Argia saria berriz, gaztesarea.net web guneak. Bost ataletako sariez gain merezimenduzkoa ere bai: Hik Hasi irakaskuntza proiektuarentzat.

Sariak banatuta, argazkilari eta kazetariak lanean hasi baino lehen, ARGIAko zuzendariak eskerrak eman zizkien Txitxardin Beltxara hurbildutako euskal kultura eta komunikazioko adiskideei, erakunde publikoetako ordezkariei eta gizarte ekimenetako arduradunei. Kafea hartzeko tenorean, zuzendariak guztiei gonbita luzatu zien menuarekin batera zetorren abestiaren letrari musika jartzeko. Hala, kanpoan elur malutatxoak erortzen ari ziren bitartean, Goizian argi hastian abestia kantatzeari ekin zioten gonbidatu askok.