ARGIA SARIAK > 2006

Irratia: Maite Artola

Gaztea bada ere, dagoeneko ibilbide luzea eta interesgarria egin du Maite Artolak komunikabideen arloan. Geldirik behintzat ez da egon. Unibertsitatean ikasten ari zela, ARGIAko Bilboko egoitzan hasi zen lanean, zine kritikak egiten. Euskaldunon Egunkarian ere aritu zen bekadun eta Egin irratian uhinen xarma probatu zuen, musika saio bat aurkeztuz. Ondoren, Euskadi Irratiko albistegi sailera egin zuen salto, bekadun hasieran –ARGIArako lan egiten zuen bitartean– eta ordezkapena egiten beranduago. Irratiak hasieratik biziki erakarri zuela dio, eta ordutik hori izan du komunikabide kutunena.

1997an, bere bidea «erabat» markatuko zuen eskaintza jaso zuen, eta baita onartu ere: Bruselara joan zen, Radio Euskadi eta Euskadi Irratirako lan egitera. Europako Batasuneko erakundeen burokrazia eta hizkuntzaren karga zirela-eta hasieran gogorra egin bazitzaion ere, profesionalki oso esperientzia aberasgarria izan zen Bruselakoa. Kazetaritzan Masterra egitea bezala izan zela dio, han munduko kazetari onenekin egon zaitezkeelako. Lau urte geroago, etxera itzuli zen, Euskadi Irratiko Goiz Kronikara, baina ez zen askorako geratu. New Yorkeko atentatuen ondoren, bere burua eskaini zuen Afganistanera joateko eta esperientzia horrek ere asko bete zuen profesionalki eta pertsonalki. Jerusalemen ere aritu zen lanean, Mezularia saioa zuzentzea eskaini zioten arte.

Dagoeneko hiru urte daramatza gaurkotasunari lotutako magazin informatibo hori zuzentzen. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, irratsaioak egunari lotutako elkarrizketak, zirkulazioari buruzko informazioa, nazioarteko korrespontsalen iritziak eta tertulia eskaintzen ditu astelehenetik ostiralera. Artolak txukun gidatzen du saioa eta solaskideak trebeziaz gobernatzen ditu. «Informazioaren mezulariak» direla dio eta beraz, gaurkotasunaren analisi ahalik eta onena egiten saiatzen direla.