ARGIA SARIAK > 2005

Xabier Letonaren hitzaldia: Euskarazko komunikazioan bost argi eta itzal bat

ARGIAk urtero banatzen dituen sariek batzen gaituzte hemen eta aurtengo sarituak ezagutzeko ordua da. Aurretik, dena den, gertakizun bat nabarmendu nahiko nuke: uztailaren bigarren astean, ARGIAren 2.000. zenbakia kaleratuko dugu, ez dakit zein motako tsunamiak galarazten ez badigu behintzat.

2.000. zenbakia potoloa da guretzat, baina euskal prentsarentzat ere bai. Ez dago harrokeriarik aipatzen dudan horretan, 2.000 zenbaki horietatik lehena 1963an egin zelako, eta 42 urteko ibilbide hori klabea izan delako euskal prentsaren garapenerako.

Lau hamarkada horietan molde eta izaera desberdinarekin kaleratu da astekaria, baina beti ardatz berarekin: euskarazko kazetaritza eta euskal prentsa garatzea, euskal kultura, euskaldunen eta Euskal Herriaren zerbitzura. Horretan jarraitzen dugu.

Era batera ala bestera, batzutan goxoago bestetan gaziago, eta nola ez gure argi-ilunekin, lan talde eta pertsona askok parte hartu izan du proiektu honetan, horietako asko hemen zaudete gainera. ARGIAko egungo lan talde guztiaren izenean, guztiei eman nahi nizkizueke eskerrik eta zorionik beroenak.

Guk oraina eta etorkizuna bizi nahi ditugu. Eta ez da samurra, ez horixe. Azaroan Euskarazko kazetaritzaren lehen kongresua egin zen Bilbon, eta aprobetxatu nahi dut une hau antolatzaileei zorionak emateko. Komunikazioaren munduan ematen ari diren aldaketak eraginda, Europako mendebaldean behintzat prentsa sektoreak krisian dago. Ez dakit krisi horrek zein neurritan eragiten duen euskal prentsa, baina gordin eta zakar esanda, guztiak ipurdia mugitzera behartzen gaitu.

Samurra ez da, eta batzuetan zailtasun erantsiak dira, hemen zaudeten batzuen egoerak ondo adierazten duen bezala. Iaz Iñaki Uriaren aipamen berezia egin genuen, aurten zorionez hemen dago. Eta zorionez, besteak beste auzi horregatik espetxean zen Xabier Alegria ere kalean da. Aske dira, baina baldintzapean, auzi horrekin lotura duten eta hemen dauden beste batzuk bezala. Injustizia hutsa diren beste auzi larri batzuk ere badira. Bizi dugun gatazka polítiko bortitzaren ondorio dira, eta gatazka bortitzak, denok ondo dakigun moduan, alde denetara zabaltzen du injustizia eta sufrimendua. Baina, zorionez, azken hilabetean bizi dugun ekaitz mediatiko, trumoi eta tximista artean, haize beroxeagoa ere sumatzen da euskal politikan. Errealismo gordinenetik ikusita, espero dezagun, Siberiatik datorkigun haize hotz honek ez duela hoztuko esperantzaren haize bero hori, bake eta normaltasun handiagoaren behar bizia dugu eta. Zinez, denok gaude gaur horren beharrean.

Komunikazioaren itsaso zabalean txikiak gara euskaraz aritzen garen medioak, baina ez gaitezen engainatu, euskal kulturaren indarraren ispilu ere bada neurri batean. Hala ere, bertebrazio eta zabalkunde lan garrantzitsua egin dezakegu eta egiten dugu; horrexegatik, komunikabideon erantzukizunak arduraz jokatzea eskatzen digu egungo gizarte mediatikoan. Kokildu barik, baina arduraz.

Eta orain bai, orain sarien unea da. Dakizuen bezala, Argia Sariak ARGIAko lan taldeak erabakitzen ditu, ez da beti horrela izan baina azken urte luzeetan bai. Iragarri behar dut berriz utzi dugula hutsik publizitate saria: txikiegiak izan dira alor horretan ikusitako merituak eta, guretzat behintzat, adierazgarria bezain kezkagarria da hori. Erabaki gogorra izaten da alor bat hutsik uztea, baina gogorragoa erabateko konbentzimendurik gabe saria ematea. Segidan, Olatz Kortak emango die paso gainerako sariei.