ARGIA SARIAK > 2005

Telebista: Julian Iantzi

Aurkezle lanerako castingak egiten hasi omen zen lagunek eta familiak animatuta eta hartu ahala kameraren aurrean jarri eta lan egin. Nahikoa estuasun ba omen zuen kameraren aurrean jarri zen lehenengo aldian. Iruñeko Canal 4 telebista kateko arduradunak mutila larri ikusita zera esan omen zion: «Jar zaitez kamera aurrean eta gozatu!». Orduz geroztik egin dituen lanetan horixe izan du gogoan: kamera aurrean gozatu, gustura aritu, normal, natural, eta Iantzik uste du horretaz ohartzen dela ikus-entzulea, igartzen duela natural ari zaren ala ez.

Canal 4 katean hasi zenetik mota askotako lanak egin ditu: tertuliakide, kale inkestak, lehiaketak, realityak, dokumentalak, elkarrizketak... Programa hauetan denetan ikusi dugu Iantzi kamera aurrean: Sorginen Laratzan, Begia Gosen, Basetxean, La flecha amarillan, El conquistador del fin del mundon, Europa Euskarazen (Atenaseko atala), Bietertarrak eta Idaho-Kalifornia, Bidaia mendebaldean barrena dokumentaletan, udan hiriburuko jaietan, Kanpotarrak hemen saioan eta Agur Ben Hur lehiaketan. Iantzi gustura dago hainbat programa mota egiteko aukera izan duelako, zer egiteko gai den erakusteko aukera eman zaiolako, asko ikasi duelako batean eta bestean.

Hainbeste programa egin ondoren une batzuk gogoan geratu zaizkio Iantziri, Iñaki Perurenari elkarrizketa egitera joan zeneko aldia adibidez. Begia Gose programarako lehenengo atalerako ari zen eta nahikoa kezka bazuen ea Perurenaren hitz jarioa gobernatzeko gai izango zen ala ez. Basetxeako azken edizioan berriz, Ibon lehiakideak Iantzi hunkitzea lortu zuen eta gaizki pasatu zuen aurkezleak. Nonbait lehiakide horrek alabatxoa ikusteko gogo handia zuen eta programa utzi nahi zuen. Iantzik alabaren argazkia erakutsiz zirikatu zuen aita, baina programan segitzeko argudioak ere eman zizkion. Azkenerako Iantzi bera hunkitu zen aurkezleak ere alabatxoa baitauka. Une larriak, nerbioak eta sufrimendu fisikoa ere pairatu du. Arnas batean esan dizkigu: «Izaban 25 gradu zero azpitik, Monegrosen 54 gradu, Patagonian hotza eta AEBetan ibili nintzenean Golden Gate-n hotza! Eta 3, 2, 1... eta ezer ere ez balitz bezala grabatu egin behar!».

Jite askotako programak aurkezteaz gain bi hizkuntzatan aritu da, gehienetan euskaraz. Berari galdetu diogu ea nola moldatzen den ondoen: «Euskara eta ingelesa nekizkiela etorri nintzen Ameriketatik eta gero ikasi nuen gaztelera. Baina gazteleraz egiten nuen eskolan, lagunekin eta azkenean baita amarekin ere. Berrikasi egin behar izan dut euskara. Batzuek esaten didate gazteleraz arraro sumatzen nautela. ‘Euskarakada’ ederrak botatzen ditut batzuetan, egia esan. Dena dela, bi hizkuntzetan zer hobetua badut».