ARGIA SARIAK > 2005

Merezimenduzkoa: Gorringo taldea

Komunikazioa lantzeko moduak asko dira, irratia, telebista, Internet eta prentsa idatzia aipatu ditugu orain arte, baina Gorringo Taldeak euskaldunak bere sarean harrapatu ditu antzezlan baten bidez, Kutsidazu bidea, Ixabelen bidez.

Villabonan (Gipuzkoa) egin zuten lehenengo emanaldia 2003ko martxoaren 15ean. Duela gutxira arte gelditu gabe antzeztu dute obra. 95.000 ikusle izan dituzte 174 emanalditan eta 150 bat herritatik igaro dira. Euskal Herri osoko hainbat antzoki, eliza, frontoi eta idi probetako plaza ezagutu dituzte. Behin izan ezik gainerako emanaldi guztietan jendea sartu ezinik geratu da eta batek baino gehiagok behin baino gehiagotan ikusi du antzezlana. Ezin esan arrakasta izan ez duenik.

Gorringo Taldeak haurrentzako antzezlanak prestatzen zituen orain arte, baina bazuen gogoa helduentzat zerbait egiteko. Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuari erreparatu zion Gorringo Taldeak, alegia, Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Mikel Sarriegi, Ixabel Agirresarobe, Egoitz Lasa eta Iñaki Agirrezabalek. Anartz Zuazua izan da zuzendaria eta lanaren gidaritza Anjel Alkainek egin du. Berak azaldu digunez, asmoa helduentzat umoreari lotutako antzerki obra egitea zen, «planteamendu xumearekin, pretentsio handirik gabea, eta batez ere, hasiera-hasieratik euskaraz pentsatua». Antzezlanaren arrakastaren gakoa horixe izan omen da, hasieratik euskaraz lan egitea eta Alkainen ustez, «horrek sinesgarritasuna eman dio lanari eta jendeak igarri du». Baserri giroan kokatutako obra da Kutsidazu bidea, Ixabel, baina protagonista euskaldun berri urbanita da eta Alkainen iritziz, horrek eragin du ikusle mota asko harrapatzea. Errezilen (Gipuzkoa), adibidez, eszena batzuetan soilik egin omen dute barre. Euskaldun berriak ezagutzen dituztenek edo giro hori bizi izan dutenek berriz, kristoren barreak egin omen dituzte antzezlan guztian zehar. Hainbeste emanaldi eta hainbeste ikusle izanda, Alkainek batzuk baditu gogoan. Donostiako Trinidade Plazan 2.300 pertsona bildu ziren obra ikusteko. Baionan berriz, kezka bazuten hizkera ulertzeko arazorik izango ote zuten ala ez, baina primeran moldatu ziren nahiz eta ikuslea desberdina zela igarri. Alkainek bere kapritxoa betetzeko aukera ere izan zuen: Kutsidazu bidea, Ixabel Ernio mendi magaleko Zelatungo zelaian antzeztea. Halaxe egin zuten iazko iraileko azken igandean.

Euskal literaturaren historian ale gehien saldu duen liburua hartu zuten oinarri obra egiteko eta 174 emanaldirekin bukatu dute antzezlanaren ibilaldia. Errematea DVDak eman dio hor jaso baitute obra eta baita Zelatungo zelaiko antzezpena ere.