ARGIA SARIAK > 2005

Internet: Uztarria.com

Urtarrilean hiru urte bete ditu uztarria.com web guneak. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak hilero ateratzen du Uztarria izeneko aldizkaria, baina elkarteko kideek maizago herriko berri emateko modua aurkitu nahi zuten. Sarean aurkitu zuten soluzioa. Aldizkariak segi zezala Azpeitiko berri eskaintzen hilero eta uztarria.com arduratuko zen egunero-egunero herriko bizitza sozialaren kezkak, eztabaidak eta informazioa biltzeaz. Leire Larrañaga Uztarriako kideak adierazi digunez, herri atari dinamikoa egin nahi zuten eta oso pozik daude hiru urteko ibilbidearekin. Helburua azpeitiarrek web gunean parte hartzea zen eta ez kazetarien txokoa izatea soilik. Hala, esaterako, foroan, gutxitan bezalako eztabaidak, aniztasuna eta ekarpenak aurki daitezke. Atal dezente ditu web guneak (albisteak, argazkiak, euskara, aldizkaria, agenda...) eta behin eta berriz azpeitiarrek eta herrikoak ez direnek ere, edozein ataletan parte hartzeko gonbitea egin dute uztarria.com-etik. Berriren bat eman nahi duela herritarrak, bada idatzi dezala uztarria.com-era, iritzia eman nahi duela, mendi taldeak irteerei buruz informatu nahi duela...

85 harpidedun dituzte eta harpidedun horiek egunero beren e-postan jasotzen dituzte web gunerako sortutako albisteak. 85 harpidedun, eta egunero 1.000 bisita, batez beste. 6.000 orrialde ere erakusten dituzte. Zergatik hurbildu da ordea, hainbeste internauta web gunera? Herrian pil-pilean dauden gaiek jokoa ematen dute nonbait web orrialdean eta herrian somatzen den berotasun hori Internetera heltzen da. Bestalde, Leire Larrañagak nabarmendu digu kirol zaletasuna nabaria dela Azpeitia aldean eta beraz, herrikoak ez ezik ingurukoak ere sartzen dira kirol probetako emaitzak jartzen dituztenean. Behobia-Donostia lasterketako eta bizikletako Quebrantahuesos lasterketako sailkapenak jarrita jende mordoa sartu zen.

2003ko abenduan berritu zuten gunea eta egitasmo berriak gogoan dituzte. Besteren artean, batetik, artxiboa (Azpeitia edo azpeitiarrei buruzko liburuak, artikuluak, hautes emaitzak...) sendotu nahi dute eta bestetik, blogak modan jarri direla aprobetxatuz herritarrei horretarako aukera eskaini nahi diete.

Uztarria.com-eko editorea, eta langile bakarra, Kepa Urbieta da. Inguruan ditu hamar bat boluntario eguneroko lana osatzeko. Hamaikakoak uztarria.com famatu egin du Azpeitiko internauten artean eta baita azpeitiar ez direnen artean ere.