ARGIA SARIAK > 2004

Telebista: Iban Garate

Ikuslearekin komunikatzeko duen gaitasunari eta hizkera aberats eta propioari esker Telebistako Argia Saria irabazi du 21 urteko Iban Garate azkoitiar aktore eta aurkezleak. Umeentzat egindako ETB1eko Betizu saioaren aurkezlea izan da azken urteetan, baina bere lehen urratsak bere jaioterrian, ikastolan zegoen antzerki taldean egin zituen antzezle gisa.

Aktore lanetan aritzeko lehenengo aukera lagunekin batera aurkeztu zen casting-etako batean izan zuen. 1997ko irailean hasi zen Goenkale telesailean eta hiru urte egin zituen. Bitarte horretan Enpresa Administrazio Zuzendaritza ikasten hasi zen. Ondoren, Betizu saioan eta geroago bideo-klipak aurkezten ibili zen eta 2002ko irailean itzuli zen egunero zuzenean egiten hasi ziren Betizu saiora. Orain, astean hiru egunetan egiten du lan kamera aurrean. Karreraz ere aldatu du, Ikus-entzunezko Komunikazioa ari da ikasten Iruñean. «Oraingoz behintzat, ikasketek lehentasuna dute niretzat».

Umeentzat egindako saioak aipagai ditu Garatek. ETBn haurrentzako programazioan apustu garbia egiten dutela dio: «Betizu 18:00etatik 20:30etara bitartean emititzen da. Beste kate guztietan haurren saioak goizean izaten dira. Gainera, umeei ez zaie ume deitzea gustatzen eta beste saioetan txatxipiruli eta txatxiguai bezalako hitzak erabiliz komunikatzen dira beraiekin». Ikuslearekin komunikatzeko duen gaitasunari dagokionean, berriz, aktore izateak lagundu diola onartzeaz gain, lanerako erabiltzen den hizkuntza ondo menperatzea ezinbestekoa dela pentsatzen du.