ARGIA SARIAK > 2004

Prentsa: Berriako Nazioarteko saila

Nazioarteko gaiak (Mundua izeneko atalean) jorratzeko azaldu duen ahalegin eta gaitasunagatik, Berriako nazioarteko sailak Prentsa Idatziaren Argia Saria jaso du. Bost lankidez osaturiko lan taldeak azken hilabeteetan hainbat herritan izandako albisteak hurbiletik landu ditu. Besteak beste, Txetxenian, New Yorken, Kolonbian... izan dira.

Informazioa jasotzeko agentziak beharrezkoak direla aitortu arren, ahal duten neurrian beste harreman eta iturri batzuk jorratzen saiatzen direla dio Ainara Mendiolak, Berriako nazioarteko saileko arduradunak, agentziekiko ahalik eta «menpekotasun» gutxiena eduki nahian.

Bi lan ildo jorratzen ditu taldeak. Batetik, egunerokotasunarekin loturiko gaiak daude, eta informazio iturri nagusia agentziak izaten dira. Bestetik, ingurukoak ez diren albisteak ere landu behar izaten dituzte eta horien berri emateko aurreikuspenak egiten dituzte. Hala ere, ezustekoak ere izaten dituztela dio noizean behin eta horiei erantzuten saiatzen direla. "Lankide bakoitza modu batean edo bestean gai zehatz baten inguruan espezializatzen saiatzen gara". Nazioarteko gaien jarraipen egokia egitea garrantzitsua dela dio Mendiolak, "gertaera askok gugan eragina baitute eta interesgarriak baitira".