ARGIA SARIAK > 2004

Merezimenduzkoa: Berria

Ekainaren 20an lehen aldiz argitaratu zen Berria egunkaria izan da aurtengo Merezimenduzko Argia Saria jaso duena. Otsailaren 20an Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik lan handia egin dute bertako langileek. Martxelo Otamendik, Euskaldunon Egunkariaren zuzendari ohiak eta Berriaren zuzendariak trebetasun eta azkartasunez itxieraren hurrengo egunean Egunero argitaratu zela aipatzen du. Hala ere, egunkari sendoago baten beharra sumatzen zenez, gaur egun irakurleek goizero irakurri dezaketen Berriaren sorrera "ezinbestekoa" zela ere gaineratu du.

Berriak 13.000 harpidedun ditu gaur egun eta 21.000 ale saltzen ditu egunero. "Euskaldunon Egunkariak baino 7.000 harpidedun gehiago ditu Berriak eta 6.000 ale gehiago saltzen ditu. Jendearen dirulaguntzei eta gugan jarritako konfiantzari esker aurrera goaz; irakurleak babes hori eskaintzen digun bitartean guk kazetaritza produktu on bat eskaintzeko aukera daukagu". Pozik dago Otamendi 2003. urtean egindakoagatik eta 2004rako aurreikusitako lanengatik.

Une honetan bi lan ildo ditu Berria egunkariak. Batetik, egunkari nazionala hobetzea; urtarrilaren 25ean argitaratzen hasitako ekonomiako gehigarria adibide. Bestetik, herri informazioa ari dira jorratzen. Gaur egun, Tolosaldeako Hitza, Oarsoaldeko Hitza eta Lea-Artibai Mutrikuko Hitza egunero daude eskualde bakoitzeko irakurlearen etxean. Datorren otsailaren 20an Urola-Kostako Hitza argitaratzen hasiko dira.