ARGIA SARIAK > 2004

Irratia: Aritz Agirre

Irratiko Argia Saria Madrilen Euskadi Irratiaren korrespontsal lanetan ari den Aritz Agirre iruindarrak jaso du. Eguneroko lanari aurre egiteko dituen zailtasunak gaindituz egindakoa goraipatzea da sariaren asmoa.

Ia zazpi urte daramatza iruindarrak irrati esatari lanetan. Lehenengo biak bekadun gisa egin zituen Euskadi Irratiak Gasteizen duen egoitzan, eta ondoren Bilboko eta Donostiako erredakzioetan. Kirola, kultura eta politika gaiak izan ditu eskuartean ibilbide horretan. Urtebete eta lau hilabete daramatza Madrilen eta bere betebeharra bertan gertatzen diren gorabeherei buruz jakitera ematea da. "Askotan zailtasunak ditudala ukaezina da azpiegitura aldetik, batik bat. Baina oztopo guztien artean irtenbidea bilatzen saiatzen naiz, eta hori ere polita da".

Lanpostua eskaini ziotenean bizipen berriak izateko aukera egokia zela otu zitzaion eta oso gustura onartu zuen. Orain, denbora pixka bat daramanean Madrilen, urte batzuetarako esperientzia gisa oso egokia dela aitortzen du. Gainera, justizia inguruko gaiak izaten ditu egunero eskuartean, eta, "egia esan behar bada, asko ikasten da". Euskal Herrian bizi denarekiko dagoen kontrastea azpimarratzen du Agirrek. "Giroa arrotza da erabat, egun batean zuretzat lanbidean erreferente izan direnen atxiloketen berri eman behar duzu eta hurrengo egunean PPren konbentzio batena! Baina, estatuan titularrak diren albisteak ematen ari zara, eta horrek ere poz handia ematen du".

Azkenik, korrespontsal lanetan aritzeak duen alderik txarrena ere aipatzekoa dela dio Agirrek, "askotan zaila izaten da lanaren eta aisiaren artean bereiztea".