ARGIA SARIAK > 2004

Kronika | 2004ko bost Argia Sariak argituak

Hainbat ediziotan bezala, oraingoan ere (hamalaugarrena) euriak bisita egin zigun Txitxardin Beltxako atarian. Argia Sarietara gonbidatutako ehundik gora lagunek ordea, aterpea laster aurkitu zuten, eta aspaldi ikusi gabekoak agurtzeaz gain saridunak zein ziren galdezka hasiak ziren, sekretuak ezkututik atera nahian.

Mahaietan eserita, Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoako lehendakariak agurra eta bazkarirako gonbita luzatu zigun hiru bertso kantatuz. Ahate gibelezko terrina laster agertu zen mahaian eta horrekin batera euskal kulturaren alorreko makina bat lagun berriketa alaian hasi zen.

Pare bat zerbitzari berritsu eta lotsagabe samarrak (Klara Badiola eta Ane Gabarain) mahai artean azaldu zirenean ohartu ziren gonbidatuak postre garaia heldu zela eta horrekin batera saridunak zein ziren jakiteko ordua iritsi zela.

Aurten, iaz ez bezala, bost sari banatu ziren, publizitate alorrekoa hutsik geratu baitzen. Irrati Saria Aritz Agirrek jaso zuen, telebistakoa Iban Garatek, Sareko Argia Saria Susaren web guneak jaso zuen. Beste bi sariak berriz, Berria egunkariak jaso zituen. Prentsa atalean nazioarteko sailari eman zitzaion saria eta Merezimenduzkoa Berria berak jaso zuen. Inork gutxik espero zuena gertatu zen otsailaren 20an eta inork gutxik espero zuen Euskaldunon Egunkaria itxi eta Berriak halako indarrez argia ikusiko zuenik. Baina hala izan zen. Berriari merezitakoa eskaintzeaz gain, otsailetik kartzelan dagoen Iñaki Uria gogoan izan zen ekitaldi guztian.