ARGIA SARIAK > 2003

Telebista: Lau Haizetara

 «Lau haizetara», Euskal Herria zerutik ikusia

Euskal Herria goitik ikusi nahi zuten eta irudi horiek jendearen etxeetaraino eraman nahi zituzten.

Euskal Herria lau haizetara programa 1999. urteko udaberrian jaio zen. Iñaki Pangua zuzendariak, Ruben Cortijo kamerak eta Santiago Yaniz eta Alberto Santana gidoilariek osatzen zuten hasierako lan taldea, harik eta 2001. urteko maiatzean istripu tamalgarri batek lehenengo hiruren eta Roberto Arenas pilotuaren biziarekin amaitu zuen arte. Arrisku handietara ohituak zeuden: olatuak orrazten zituzten eta lurretik oso gertu egiten zuten hegan, beti ere irudirik ikusgarrienak lortu nahian. Baina ez ziren Jainkoak eta ahalegin horretan galdu zuten beren bizia.

Gaur egun irudi ezezagun eta harrigarriak eskaintzeko lan egiten dutenak Eduardo Llorente zuzendaria, Aitor Gisasola errealizatzailea eta Alberto Santana gidoilaria dira.

Santi Uriarte ETBko produkzio arduradunak dio Lau Haizetara euskal telebista kateak ekoiztutako dokumentalen artean audientzia gehien lortu duen saioa dela. Agian horregatik eta eskaintzen dituen irudiengatik erosi dute saioa osorik TVC eta Geoplaneta Television kateek.