ARGIA SARIAK > 2003

Internet: Sustatu

Sustatu, web log formula euskaldunen artean zabaltzen

Goiena taldeak teknologia berriei ezin zitzaiela muzin egin ikusi zuen eta horrela sortu zen Sustatu web gunea, Goienaren beste adar bat bezala. Duela ia bi urte, 2001eko apirilean, helarazi zen lehen mezua eta harrezkero, albisteak, erantzunak eta galderak etengabeak izan dira.

Hain denbora gutxian web log deritzon formula euskal hiztunen artean zabaltzea lortu dute. Hau da, prentsako irakurleen gutunen oihartzuna, ideien erakusleiho eta batez ere eztabaidarako plaza bilakatu da. Azken batean Internet erabiltzaileak dira Sustatuk duen informazio iturri garrantzitsuena, beraiek bidaltzen baitituzte albiste bihurtzen diren mezuak, ezen internauten parte hartzerik gabe Sustatu ez bailitzateke gauza bera izango.

Iban Arantzabal Sustatuko editoreak argitu digunez, hasieran komunitatea txikia zenez bertatik lan handia egin behar izan zuten albisteak zabaltzeko eta tresna ezagutarazteko, baina pixkanaka «euskaldunak Interneten idazteko beldurra galdu du. Horrela, web guneak irabazi egin du eta baita albisteak emateko moduak ere». Euskal Herrian web log formula gizarteratu zuten lehenak izan ziren. Baina beren esperientziak fruituak eman ditu, euskal internauten artean erreferente bilakatu baitira. Horregatik, urtarrilaren 24an Argia Saria eskuratu zuten, pantaila txiki batean euskal munduan dauden iritzien aniztasuna jasotzen eta erakartzen asmatu baitute.