ARGIA SARIAK > 2003

Prentsa: Nabarra aldizkaria

Nabarra astekaria, apustu ausarta

Duela bi urte, 2001eko apirilean, iritsi zen merkatura Nabarra astekaria. Hasiera batean produktuaren zabalkundea Nafarroara mugatu bazuten ere, pixkanaka Euskal Herri osora hedatu dute euren informazioa.

Gontzal Agote Nabarra aldizkariko erredaktorearen ustez, garrantzitsuena zera da, garbi geratu dela gaur egun oraindik komunikabide berriak sortzeko aukera badagoela. Edonola ere, aitortzen du gogorra izan dela, hasiera hasieratik dirulaguntza gabe funtzionatu baitute: "Garbi genuen ez genuela dirulaguntzen menpe egon nahi eta, ondorioz, ahalik eta autofinantziazio mailarik handiena lortzen saiatu gara".

Gai orokorrak lantzen dituzte eta Agotek dionez kalitate aldetik bi urte hauetan hobetu egin dute. Hemendik aurrera aldizkaria ateratzeko lan egiten duten sei lagunen helburua produktua finkatzea eta kalitatea hobetzea dira, euskal irakurleari ahal den neurrian gauza gehiago eskaintzeko.