ARGIA SARIAK > 2003

Merezimenduzkoa: Herri Irratia

Herri Irratia, 40 urte baino gehiago uhinak hedatzen

Herri Irratia Frankismo garaian sortu zen. 1961. urtetik hona profesionalen harrobi eta habi izan da. Izen handi batzuk joan egin dira, baina beste batzuk geratu, Mariano Ferrer, Karmele Aranburu edo Iñaki de Mujika kasu. Euskararen alde lan asko egin dute, baina jasan behar izan dituzten erasoak ere ugariak izan dira.

1961. urteko otsailaren 2an Loiolako Herri Irratia sortu zen eta 1962ko abuztuaren 15ean Donostiakoa. 1965ean Loiolako Herri Irratia itxi egin behar izan zuten agintarien aginduz eta urtebete beranduago berriz ere emititzen hasi ziren. 1977an lehergailu batek berriro ere isilarazi zuen Loiolako Herri Irratia eta 15 egunetan euskal herritarrek emaniko dirulaguntzari esker berriro martxan jarri zen. Baina Frankismo garaiko zailtasunak gainditzen eta euskarari behar zuen lekua aitortzen jakin izan zuen. Esaterako, aipagarria da 1977ko martxoan antolatutako «24 orduak euskaraz» ekitaldia.

Gaurko egunetara etorriz, Gorka Barañano eta Txema Auzmendi zuzendaritza batzordeko kideek Herri Irratiaren etorkizunari begiratzen diote. Apustu garrantzitsuenen artean dute Euskal Herri osora zabalduko den euskal irrati pribatu bat sortzearena. Gaur egun, Herri Irratiaren uhinak Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako zati batera zabaltzen dira. Bestalde, herrialde bakoitzean programazio berezia sortzea eta medio plural eta euskal kulturaren eta balioen jorratzaile izatea dira Herri Irratiak dituen beste helburu nagusi batzuk.