ARGIA SARIAK > 2003

Komunikazioaren sei sariak argituak

Ordu biak alderako ehundik gora lagun elkartu ziren Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxearen aurrean. Eguraldi freskoak, baina eguzkitsuak, mokadutxoa hartuz, aspaldian agurtu gabekoekin berriketaldia egiteko aukera eman zuen.

Bazkaltzeko ordua helduta, ARGIA Sariak lehen aldiz aurkeztu zituen Xabier Letona astekariko zuzendari berriak. 2003. ekitaldi honetan Joxemi Zumalabe ARGIAko lankide ohiari egin zitzaion aipamen berezia, hamar urte baitira hil zela. Hitzak hitz, bazkaria berehalakoan hasi zen eta horrekin batera 2003ko ARGIA saridunak zein ziren jakiteko gogoa. Postreak ekarri zituen sei sariak: «Lauretan Babel», Euskadi Irratiko saioa (Irratia saria), «Euskal Herria lau haizetara» programa (Telebista saria), «Nabarra» aldizkaria (Prentsa idatzia), «Zabal zabalik» kanpainaren saria jaso zuen Publis agentziak (Publizitate saria), Interneteko ARGIA saria berriz, Sustatu.com web logarentzat izan zen eta Merezimenduzko Saria, dagoeneko 40 urte baino gehiago uhinak zabaltzen diharduen Donostiako eta Loiolako Herri Irratiak jaso zuen. Sarituek urtero Antton Mendizabal eskultoreak egin ohi dituen oroigarriak jaso zituzten.