ARGIA SARIAK > 2002

Telebista: Anjel Alkain

Anjel Alkain polifazetikoa

Donostiako Antigua auzoan 1966an jaio zen aktore honek "36" aurpegi baino gehiago ditu, ugari baitira Sorginen Laratza ETBko saioan gauero interpretatzen dituen pertsonaiak: Karlos Argiñano, Jose Antonio Arana, Bittori, Marta Alkain, Sargento Cañete, Elton John...
Horrexegatik hain zuzen ere; euskal karakterizazioekin erreferentzi soziala lortu duelako, erregistro desberdinetan ongi baino hobeki moldatzen dakielako, interpretazio landuak egiten dituelako eta euskal gizartearen ikuspegi ironikoa ematen digulako eman zaio Anjel Alkain polifazetikoari Telebistako ARGIA Saria.

Hernanin Tanttaka taldearekin hasi zen antzerki munduan eta ondoren Eusko Jaurlaritzak antolatutako Antzerti eskolan egin zituen ikasketak. Ordutik antzerki taldeetan hainbat antzezpen egin du eta Hankagorri taldearen sortzaile ere izan zen. Telebistan Kili-kolo eta Jaiak saioetan aurkezle izana da eta gaur egun Sorginen Laratzako aktore da. Iaz Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Telebistako aktorerik onenaren jokulari saria jaso zuen.