ARGIA SARIAK > 2002

Prentsa: Goienkaria

Goienkaria, asmo handiko proiektua

Duela urtebete inguru sortu zenetik, Goienkariak, egunkari formatua duen astekariak, Debagoienako informazioa jasotzen du. Baina iazko urriaren 18an, Goienkaria berria jaio zenean, proiektuak beste urrats bat eman zuen, inguruko aldizkari gehienek berarekin bat egin baitzuten. ARGIAk ekimen hori saritu nahi izan du, asmo handikoa eta berritzailea delako eta bere diseinu eta edukiaz Debagoienako eskualde osoarentzat integrazio pauso handia izan delako.

Goienkaria berriak 48 orrialde ditu, erdia Goienkaria komunarentzat eta beste erdia herri aldizkarientzat. Astekari berrituak hiru edizio kaleratzen ditu eta edizio bakoitzak herri aldizkari zehatz batzuk bereganatzen ditu: Bergarako edizioak Kontuola (Antzuola), Goibekokale (Elgeta) eta Berrigara aldizkariak batzen ditu; Arrasateko edizioak Arrasate Press eta Txirritola eta Aretxabaletako edizioak Aretxagazeta eta Ze Barri? (Eskoriatza eta Leintz Gatzaga).

Goienkariaren hurrengo erronka aldizkaria egunkari bihurtzea da eta orain arte erakutsi duten gogoarekin jarraitzen badute, laster ezagutuko dugu hori ere.