ARGIA SARIAK > 2002

Merezimenduzkoa: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Merezimenduzko Saria jaso du. Arrazoiak ugariak dira, baina bereziki bertsolaritza gizartean integratzeko eta Euskal Herriko mugak gaindituz bere oihartzuna zabaltzeko egin duen eta egiten ari den ahalegina nabarmendu behar da. Zentzu honetan Koldo Tapia Bertsozale Elkarteko idazkariaren hitzak jaso ditugu: "Euskara hizkuntza minorizatua eta bertsolaritza genero minorizatua den heinean, artista eta jarraitzaileen arteko batasuna lortzeko ahalegina egin dugu. Euskal gizarteari zerbait eskaini ahal izateko garrantzitsuena aurrera egitea da". Baina esfortzuak lorpenak ere eman ditu. Besteak beste, bertsolaritza euskal komunikabideetan funtsezko gaia izatea lortu du elkarteak.

Bestalde, elkartearen eskutik bertsolaritzak internetera ere salto egin du, www.bertsozale.com webgunean. Bertan lau hizkuntza ageri dira: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa. Joxerra Gartzia, Jon Sarasua eta Andoni Egañak duela gutxi kaleratu duten Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak liburua ere lau hizkuntza horietara itzulia izan da eta iaz egin zen Euskal Herriko Txapelketaren finala bera beste hizkuntzetan erreferentzi bilakatu zen. Ekimen horiek guztiak Bertsozale Elkartearen izaera integratzaile eta internazionalistaren ondorio dira eta Merezimenduzko Saria eskuratzeko arrazoi.