ARGIA SARIAK > 2002

Internet: Zientzia.net

Zientzia.net, dibulgazioa sarean

Duela urtebete sortu zen, 2000ko abenduan, baina aurkezpen ofiziala 2001eko ekainean egin zuten. Zientzia.net (www.zientzia.net) gunearen helburua zientzia eta teknologiaren berri ematea da, euskaraz, teknologia berriak erabiliz eta modu errazean. "Ikusten genuen Elhuyarrek gauza asko egiten zituela multimedia arloan, eta interneten eta euskaraz zerbait egin beharraz ohartu ginen, gaur egun informazioa bilatzen duten askok internet erabiltzen baitute", dio Leire Cancio Elhuyar Kultur Elkarteak kudeatutako Zientzia.net-eko marketin arduradunak.

Webgune honek zientzia eta teknologiaren inguruko informazio eguneratua modu erakargarrian eskaintzeaz gain, euskaraz lan egin ahal izateko tresnak ere eskaintzen ditu. Esaterako, zientzia eta teknologiaren hiztegia. Helburua bost urteren buruan hiztegi horretan 25.000 termino biltzea da, artikulu eta abarrekin. Gaur egun 16.000 termino ingururen definizioak daude. Gainera, euskara teknikoko galderak edo oro har zientzia eta teknologiaren inguruko galderak egin eta erantzunak jaso ahal izateko foroa ere badago. Hemeroteka zerbitzua ere badu, 1995etik gaur egunera arteko Elhuyar aldizkariak kontsulta daitezke, baita espresuki Interneterako egindako dosierrak ere. Agenda batek, multimedia elementuek, eguneko berriek eta beste webgune batzuekiko loturek osatzen dute 2002ko Interneteko ARGIA Saria jaso duen txoko hau.