ARGIA SARIAK > 2001

Telebista: Bihar ere argituko dik, Felix

Alberto eta Felix Iñurrategik EITBrekin urte baterako proiektua sinatuta zuten. Beraien ametsa (lau zortzimilako) egi bihurtzeaz gain, esperientzia hori mundu osoari jakinarazi nahi zioten. Felixen bat-bateko heriotzak, ordea, proiektuari beste norabide bat emanarazi zion.
Iñurrategi anaiekin batera lan egiten zuen lan taldeak garbi zuen gertaera horren aurrean zerbait egin behar zuela. Horregatik, ordu erdiko dokumental bat prestatu zuten, Felix oroituz: Bihar ere argituko dik, Felix. ETB1ek urtarrilaren 1ean emititu zuen eta ETB2k bost egun beranduago. Dokumental horrek jaso du, hain zuzen ere, telebista saileko Argia Saria.

Proiektuan Felix eta Albertoz gain, beste hiru lagunek hartu zuten parte: Asier Aranguren (errealizadore eta kazetari lanetan), Andoni Egaña (gidoilari) eta Gotzon Arribas (irudiak grabatuz).

Asier Arangurenek adierazi zuenez, dokumental hori "omenaldi bat baino, oroimen bat zen gehiago". Maitasunez egina, goxo eta xamur. Ez zuten zerbait tristea egin nahi. Felix ameslaria zen eta ametsak egi bihurtzea gustatzen zitzaion. Horregatik, "bere bizikera adierazi nahi genuen", esan zuen Arangurenek, "bere ametsak betetzen ari zela hil zela esan nahi genuen".

Udaberrian Iñurrategi anaiek urte baterako sinatutako proiektu horren emaitza ikusteko aukera izango dugu. Felixen heriotzaren aurretik jada, irudi ugari zituzten grabatuak: Patagonia, Nepal (Manaslu eta Anapurna), Pakistan (Gasherbrum 1 eta 2). Azken horretan hil zen Felix. Lan taldeak ordea, ez zuen etsi eta beste irteera bat egin zuen: Malira. Datorren otsailean Alpeetara joatekoak dira. Irudi guzti horiek ordu erdiko dokumentalak bihurtuko dituzte.