ARGIA SARIAK > 2001

Sari berezia: Harpidedunak

Aurtengoan gure harpidedunak saritu nahi izan ditugu. Baina saria guztiei ematea ezinezkoa zenez, zaharrenetariko bat etorri zen berau jasotzera: Lutxi Zaldua ordiziarra. 80 urte baino gehiago dituen emakume hau duela 60 urte inguru hasi zen Zeruko ARGIA jasotzen, "euskara debekatua zegoen garaian". Emakume honek aldizkariaren aldaketak ezagutu ditu eta orain lehen baino sail eta gai gehiago lantzen direla dio.

Baina Lutxik bezala, beste harpidedun guztiek merezi dute errekonozimendu hau. Gainera, horietako asko ordiziar hau bezala, urte askotan zehar izan dira harpidedun eta aldizkariaren gora behera guztiak ezagutu dituzte.

Zeruko ARGIA hilabetekari bezala sortu zen 1919an aita kaputxinoen eskutik. Hasieran biblia itxura zuen eta A3 formatuan hemengo eta mundu zabaleko berriak lantzen zituen. 1921. urtean ARGIA astekaria sortu zen. Hortik aurrera Zeruko ARGIA hilabetekaria eta ARGIA astekaria Euskal Herriko errealitatearen alde lanean aritu ziren, harik eta Francoren diktaduraren etorrerak eten zituen arte. 60ko hamarkadaren hasieran Zeruko ARGIAk berpizteko saiakerak egin zituen, baina 1963. urtera arte ez zuen lortu. Orduan hura bultzatzeko sortu zen taldeak beregan bildu zituen gerra aurreko Zeruko ARGIAren eta ARGIAren ildoak.

Garai latz horiek gogoratzeko asmotan aurtengo Sari Bereziak 60ko hamarkada hasieran kaleratutako Zeruko ARGIAren ale baten faksimile itxura hartu du. 1980an Zeruko ARGIA gaur egungo ARGIA bihurtu zen, nahiz eta 1992an itxura berria hartu eta 1997ko martxoan kolorez hornitu. Agian aldaketa horiengatik esango du Lutxik orain "gustukoago" duela aldizkaria.