ARGIA SARIAK > 2001

Internet: Irratia.com

Teknologia berrien garaian Euskal Herriko lehen irrati digitala izan da saritua Internet sailean. Zehazki, Koldo Alonso, Patxi Gaztelumendi eta Jabi Zabalak aurrera atera duten proiektuari eman zaio saria.

www.irratia.com helbidean aurki daitekeena garai eta teknologia berriek ahalbidetzen dutenaren ildotik sortu da: grabatutako saioak, zuzenean eskaintzen direnak, musika kanalak... "Beste kulturetan zer dagoen eta zer ez dagoen ikusi eta sareak ematen dituen baliabideak aprobetxatuz zerbait egitea pentsatu genuen", dio Jabi Zabalak ideiaren nondik norakoaz galdetzean.

Baina irratia.com helbidean eduki desberdinak entzuteaz gain, bideoak ikusi eta albisteak irakurtzeko aukera ere badago. Oraingoz, ordea, "denbora pasa" egiten dute lan irrati digitalean, momentuz dirurik ez baitie ematen. Egin duten inbertsioa diru aldetik ez da handia izan, baina laneko orduak eta nekeak konta ezinak dira. Etorkizunari begira ideia interesgarriak dituztela diote. Besteak beste, eduki gehiago sartuz jendea animatuko dela uste dute eta Argia Sariak nolabaiteko bultzada emango dielakoan daude.