ARGIA SARIAK > 2001

Merezimenduzkoa: Aralar, Esan-Erran eta Beleixe irratiak

Nafarroako hiru irrati batera lanean

Beleixe, Esan-Erran eta Aralar irratiek "Sarea" izeneko programazio modu berria jarri zuten abian joan den urteko urriaren 2an. Era horretara, orain entzuleek hiru irratiek hartzen dituzten eremuen berri dute. Irrati sare berriak Basaburua, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu eta Sakanako informazioa eskaintzen du. Guk lan bateratu hori saritu nahi izan dugu, hiru irratiei merezimenduzko saria emanez.
Esan-Erran irratiko Fermintxo Gartxitorenak esan zuenez, irrati topaketa batzuetan hiru irratiak elkarrekin funtzionatzen zutela konturatu ziren. Hau da, jasotzen zuten informazio eta albiste ugari berdina edo oso antzekoa zela nabaritu zuten. Horrela sortu zen "Sarea" proiektua.

2000. urte osoa proiektua mamitzen aritu ondoren, urriaren 2tik aurrera astelehenetik ostiralera Beleixe, Esan-Erran eta Aralar irratiak 10:30etatik 12:30etara elkarrekin lanean aritzen dira. Hasieran egunkarien errepasoa egiten dute eta ondoren magazin bat.

Proiektu horrek ekar zezakeenak hasieran arduradunak beldurtu bazituen ere, orain oso gustura daude."Irrati hauek lokaltasuna lantzeko sortu ziren eta horregatik hasieran lokaltasun hori galtzeko beldurra zegoen", esan zuen Femintxok. Orain ordea, etorkizuna itxaropenez ikusten dute eta hemendik aurrera beste kide bat bereganatzea nahiko lukete, Leitza irratia, hain zuzen ere.