ARGIA SARIAK > 2001

Irratia: Metropoli Forala

Juan Kruz Lakasta eta Pello Argiñarenak bideratzen duten Euskalerria Irratiko "Metropoli forala" irratsaioak jaso du irratiko saria.
"Metropoli forala" arratsaldeko magazina da, astelehenetik ostegunera seietatik zortziak bitartean entzungai dena. Orain bi urte sortu zen, lehenago zegoen "Zirika" magazinaren zabalpen eta berrikuntza gisa. Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariaren aburuz, saioak "planteamendu berritzailea" du, errealitatearen beste ikuspuntu bat ematen saiatzen baitira. Gainera, ironia dosi handia sartzen da jokoan, baita elementu anitz ere, horrek dinamikoa bihurtzen du magazina, erritmo handikoa eta berezko pertsonalitatea duena.

Pello Argiñarenarentzat zailena kolaboratzaile guztiak gidatu eta koordinatzea da. Guztira 80-85 lagun inguru. Gainera, kolaboratzaileak aukeratzerako orduan, multzo anitza osatu nahi izan dute eta era berean eskarmentudun jendea hautatzen saiatu dira. Horrela, kolaboratzaileen artean honelako izenak aurki genitzake: Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Gari Berasaluze, Usue Barkos, Paco Aristi, Asisko Urmeneta, Koldo Almandoz, Alberto Irazu... Zentzu horretan, Argiñarenak saria "kolaboratzaileek merezi dutela" dio.

"Metropoli Forala"k atal eta eduki desberdinak ditu: minutu bateko manifestua, non zortzi kolaboratzailek minutu batean zehar nahi dutenari buruzko iritzia ematen duten; sukaldea, artea, sexua bezalako gai tematikoak; aisialdiari lotutako gaiak; komunikabideei begirada kritikoa; asteko irudia, asteko tokia eta asteko herria; dekalogoak...

Gauzak horrela, ez da harritzekoa saioak 9.000 entzule inguru izatea, ezta irratiko arduradunak etorkizunean saioarekin jarraitzeko asmotan izatea ere.