ARGIA SARIAK > 2000

Zazpi komunikatzaile saritu ditu ARGIAk

Txipiroi frijituak, onddoak tartaletan eta txistor hojaldratuak apartekoak izan ziren ARGIA Sariak 2000 ospakizunari hasiera emateko. Ehundik gora lagun bildu ziren Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxeko atarian. Erakunde publikoetako ordezkariak, hedabideetakoak, batzuk lanera etorriak eta besteak sari banaketa eta bazkari-berriketa atseginerako animatuak, sindikatu, irakaskuntza, bertsolaritza eta kultur alorreko makina bat ordezkari, sarituak zein ziren bertatik bertara ezagutu eta bazkaritarako irrikitan zebilen.

Joan den aste hasierako hotzak eta izotzak ahaztuta, zeru garbiaren pean eta giro epelean, lehen berriketaldiak hasteaz gain, ARGIAko teknikariak 1999ko urtarrilaz geroztiko aldizkarietako aleetan bilaketak egiteko sistemaren azalpenak eskaini zituen. Gonbidatuak jakiz eta informazioz, neurri batean bederen, ase zirenean mahairako ordua heldu zen.

Bazkaltzeko prest ginela Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoa elkarteko zuzendariaren txanda iritsi zen. ARGIA Sarien 11. edizioa iritsita, azkeneko sarietatik igarotako urtebetean Komunikazio Biziagoa bera ere ez zela egonean egon gogorarazi zuen Irazustak. Paperezko ARGIA astekaria zortzi orrialde gehiagorekin kaleratzen da duela hilabete batzuetatik. Beste aldizkari bat ere biziberritu da; LARRUN hain zuzen ere. 1985. urtean abiatu zen pentsamendu aldizkari gisa eta larrialdi ekonomikoak medio itzali zen. Urrian kaleratu zen 26. alea eta dagoenekoz lau alek ikusi dute argia. Bazkal aurretik erakutsitako bilatzailea ere hizpide izan zuen Irazustak.

Euskal Kulturaren Haria berriz goizero-goizero ia bi mila lagunengana iristen da. Urteko ahaleginak gogorarazi eta gero, itsaski entsalada dastatzeko garaia heldu zen. Menua goitik behera irakurri eta dieta kontuak gogoan izanda ere, ez zegoen ezer alde batera uzterik: izkira eta porruak hostorean, bakailaoa ranero eran, azpizun errea piper eta patatekin. Hostorezko tarta izozkiarekin jateko ordua iritsi zenean sarituen ordua: Aizu!, Euskaltel, Bilbo Hiria Irratia, Eibar.org elkartea, Gara eta Zabalikeko ordezkariak eta Eneko Olasagasti, –Joxe Ramon Soroizen saria jaso zuen berau Argentinan baita–. Sari banaketa, sarituen hitzalditxoa, kazetari eta kameren jazarpena eta berriketaldiaren segida.