ARGIA SARIAK > 2000

Publizitatea: Euskaltel

Iazko urriaren 22tik abenduaren 9ra bitartean behin eta berriz entzun eta ikusi ahal izan genuen «Bizitza ez da horrela» publizitate kanpaina. Euskaltelen propaganda zen publizitate tarte hau eta komunikabide ugaritan agertu da. Antena 3, TVE1, La2, ETB1 eta ETB2 telebistetan izan zuen oihartzuna. Makina bat egunkaritan ere irakurri dugu: El Correo, El Diario Vasco, Deia, El Mundo, El País, Marca, Euskaldunon Egunkaria, Gara eta El Periódico de Alava.

Telebistako tarteak izan dira ezagunenak eta gustukoenak. Zinema aretotik aldatu nahi zuten bi ikusleak aretozainarekin eztabaidan jo eta su. Hurrengo batean, udaltzainak pazientzia galtzeko moduan, kotxe gidaria ibilgailuaren luzera neurtzen hasten da isunaren zenbatekoa gaizki aparkatutako metroen arabera izan dadin. Irribarrea eragin zuten telebistako tarte hauek. Baina, irribarre handiagoa eta poz handiagoa eragin zuten ETB1eko tarteek. Nahi baino gutxiagotan gertatzen den moduan euskarazko bertsioak gaztelerazkoak bezain duinak ziren.