ARGIA SARIAK > 1999

Publizitatea: Eguberrietako spota ETB

Eguberri zoriontsuak kantatuz

Gabonak heldu aurretik, abenduaren hasiera aldera, gabon giroa berotzeari heldu zion Euskal Telebistak. Saio baten eta bestearen artean, atsedena hartu eta mokadu baten bila joan ordez, pantailari begira egon gara gutako asko. Gabon zoriontsuak opatzeko asmoz, Eguberri Zoriontsuak izeneko abestia konposatu zuen Joxean Goikoetxeak Euskal Telebistaren enkarguz. Letra, berriz, Xabier Euzkitzek jarri zion. Zein baino zein Euskal Telebistako aurpegi ezagunak kantari agertu zaizkigu: Julio Ibarra, Maddalen Iriarte, Ixiar Oreja, Yolanda Alzola eta Goenkaleko aktoreak, beste askoren artean. Ikusle alferrenek ahapeka bada ere abesteko adina ikasi dute abestia eta arreta pixka bat gehiago jarri dutenek edo telebista gehixeago ikusi dutenek buruz ikasi dituzte Joxean Goikoetxeak musikatutako Euzkitzeren bertsoak.