ARGIA SARIAK > 1999

Komunikatzaileak saritu ditu ARGIAk hamargarrenez

Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxeko atarian hasi ziren 1999ko ARGIA Sariak, hamargarrenez Euskal Herriko Astekariak komunikazioaren munduan dabiltzanei eskainitako sariak. Gonbidatuak eta sarituak apurka-apurka heldu ziren eta bazkal aurreko mokaduaren aitzakiaz gonbidatuek berriketari ekin zioten. Behin mahaietan eserita, Pello Zubiria astekariko zuzendariaren agurrak bazkaltzera gonbidatu zituen bertakoak.

Postrearen orduak ARGIA Komunikazio Sariak banatzen hasteko garaia zela adierazi zuen. Sari banaketari hasiera eman aurretik, ordea, 1998ko urteak emandako hainbat gertaera gogorarazi zuen Pello Zubiriak. Iaz zendu ziren Koldo San Julian eta Imanol Laspiur oroitu zituen. Lehenak, ARGIArekin kolaborazio lanak egin zituen 80ko hamarkada hasieran, astekaria suntsitzear zegoenean. Bigarrena, berriz, urte luzez izan zen Zeruko Argiako kolaboratzailea.

Astekariari lotutako bi gizon hauetaz gain 1998ko urtean zehar une latzak iragandako komunikabideak ere gogora ekarri ziren. Egin egunkariak eta Egin irratiak jasandakoa berritzeaz gain, Gara egunkari berriari (ordezkariak bertan ziren) ongi etorria adierazi zitzaion. Bestalde, duela urte batzuk Merezimenduzko ARGIA Saria jaso zuen Euskalerria Irratiari aipamen berezia egin zitzaion; edozein logikaren kontra legeztatzea ukatzen zaion bidegabekeriagatik.

Nola ez, Komunikazio Biziagoa enpresa berriaren berri azalpentxo bat eman zuen Joxe Mari Irazusta ARGIAko lehendakariak eta osatu berri den ARGIAren 1.700 alea (1963ko lehen aletik kontatuta) ospatzeko gonbita luzatu zien gonbidatuei. Ondoren, zazpi sarien banaketari ekin zitzaion. Ohikoa legez, dirurik ez, baina ARGIAko kideen eta bertaratutako gonbidatuen zoriona jaso zuten. Guztion txaloa eta Mendizabal eskultoreak burututako oroigarria eraman zituzten etxera.