Pio Berastegi: «Idazle Zaharrek Ba Zuten Zer Emana. Ez Dute Eman. Gazte Lotsagabe Samarrak Behar Dira


1982ko uztailaren 25an
Pio Berastegi idazleari elkarrizketa

Pio Berastegi: «Idazle Zaharrek Ba Zuten Zer Emana. Ez Dute Eman. Gazte Lotsagabe Samarrak Behar Dira
Zenbait pertsonakin ez da inolako arazorik gertatzen hitzegiteko orduan, etengabeko jarioa duten horietako batekin topatu gara oraingo honetan. Gure osaba amerikanoa balitz bezala jarri zalgu Pio bere alkandora zuri, tergalezko galtza eta berrogei eta zazpi urterekin, bere gauzetaz, ipuintxoaz, nobelaz, bere Madrilgo Herbesteaz kontu kontari.
Kilometroek-eta kanpoko urteek, azken finean herbesteak sortzen duen desfase, eta despistez josiriko diskurtsoa da berea, zirkulotatik kanpo dabil bere aidera.
Gazte Gazterik Hasi Nintzen Idazten
ARGIA: Nahiz eta urte batzu euki orain arte ez dugu inoiz zure izenik entzun euskal letretan. Noiztik ari zara kontu hauetan?
PIO: Ez da gauza berria niretzat, ez da azken orduko okurrentzia bat aspaldi hasi nintzan idazten. Orain akordatzen naiz hor hirurogei ta hamaseiaren inguruan Irungo Hiriko ipuin lehiaketan hirugarren geratu nintzela ipuin batekin.
ARGIA: Bainan... Lehenagotik datorkizu idazteko grina, ezta?
PIO: Ni zegamarra naiz izatez, bada han sesentaidos sesentaitres inguruan zerbait idatzi nuen festetarako, badakizue, festetan ateratzen diren herritako boletin horietako batetarako. Gazteleraz eskribitzen nuen garai hartan. Diario Vasco eta La Voz de Españarako ere egin nituen zenbait gauzatxo.
ARGIA: Zer, artikuloak?, erreportajeak? periodista lanak?
PIO: Ez, ez. Nik nere herrian kontuekin eginiko zerbait, etnologi gauzak eta..., ohiturak. Bildu nituen eskribitu, eta bidali. Gero batzutan ez zidaten ateratzen eta horrela.
ARGIA: Jakin izan dugunez oso gazterik aldegin zenuen Zegamatik Madrilera.
PIO: Hamazazpi urtekin, non ote zeudeten artean...
ARGIA: Zer egin duzu Madrilen?
PIO: Denetatik piskat. Haseran akordatzen naiz, partitzen ibili nintzen. Oso diru gutxi irabazten nuen orduan. 500 pzta nituen eta zapata parea erosi nahi. Zapata pare honek ordea 550 pzta balio, onak ziren nahiz eta gero orpoa urratu. Han ibili behar izan nuen hamar duro horiek lortzeko jo eta ke.
Madrilgo Euskal-Etxean Folklorekeri Hutsa Dago
ARGIA: Euskara galtzeko zorian aurkitu zinen orduan...
PIO: Bueno, bai, ez nuen askorik egiten, idazten nuena ere erdaraz izaten zen. Talla batzu egiten nenbilen garai hartan, artean ba nituen lau bat ipuin edo idatzita, kasteilanoz. Tallak zirela eta Beobiderengana joan nintzen Zumaiara, itsasaldera. Kastellanoz hasi nintzaion. Begiratu ninduen eta esan zidan"arpegi horrekin ez al dakik euskaraz". Eta nik baietz, bainan mendialdekoa egiten nuela (Orduan mendialdeko euskara traketsa zela pentsatzen nuen, kostaldekoa, itsas aurrekoa uste nuen zela eder, egoki eta txukuna). Mendian bezalako euskararik ez zela esan zidan. Atera behar genuela. Buruan nenbilzkin hitz horiek trenean etxerakoan. Iritsi orduko erdaraz nituen ipuinak euskaratzen hasi nintzan. Galanki kosta zitzaidan.
ARGIA: Geroztik euskaraz beraz...
PIO: Bai. Orain dela hogei urte ipuinen bilduma bat eraman nion J.M. Satrustegiri ea begiratuko zituen. Nik entzundako kontu zaharrak ziren neronek moldatuak. Erantzun zidan "herriaren ahotik"jasota diren bezalaxe dutela baliorik, bestela ezetz. Asko desanimatu ninduen horrek.
ARGIA: Bainan aurrera ekin zenion idazteari.
PIO: Gero lagun batzuren bitartez Joxemiel de Barandiaranengana ailegatu ziren eta honek animatu ninduen. Ondo zeudela eta tira. Pisu handikoa izan zen niretzat hain ondo kontsideratua zegoen gizon batek niri ori esatea. "Gauza asko asmatu dituzu! Bai, lan ederra egin duzun". Gizonik handiena eta niri hori esatea!
ARGIA: Zer moduz Madrilgo euskaldunen artean?
PIO: Muturka eta arpegi txarrez askotan. Ia ez naiz euskal-etxetik agertzen. Folklorekeri hutsa da hura. Euskarazko klasean jardun, irakasleak buelta eman eta segituan erdaraz ari dira. "Hay que mantener el espíritu" zioen hango batek, trajez eta ejekutibo itxuraz animatzailetzat dabilen batek. "El espiritu se mantiene viviendo en él" erantzun nion nik.
Gutxi Irakurri Dut Euskaraz
ARGIA: Zure erreferentziak haurtzaroko Zegama batetakoak eta heldutasuneko Madrilekoak dira. Bainan zeintzu dira literaturaldetik. Has gaitezen euskaratik, zer irakurtzen duzu? Edo zer irakurri duzu?
PIO: Egia esan ez dut askorik irakurri. "GERO" irakurri dut, ez dena. Joxe Luis Zurutuza, Jose Azurmendi piskat. Baina oso gutxi. Ez dut jarraitu hemengo mugimendua. ARGIA irakurtzen dut eta hortik ezagutzen ditut ezagutzen ditudan gaur eguneko horiek. ARANTZAZU ere jasotzen du nere izebak, izebarekin bizi naiz Madrilen.
ARGIA: Kanpoko literaturan zeintzuk dituzu maiteenak?
PIO: Gazteleraz nik gehien maite dudana Baroja da, ia dena irakurri diot. Baita Unamuno eta Ganibet ere. Portugesak gustatzen zaizkit asko, Castelo Blanco eta. Gailegoak ere bai, Cunqueiro. Inglesez irakurri ditudanen artean Dicquens dut gogokoena. Dena dela ez dut behar nukeenaren lautik bat ere irakurri.
Madrildik Ihesteko Idatzi Behar Izan Dut
ARGIA: Gatozen HERBESTERATUAK zure nobelara. Zergatik idatzi zenuen?
PIO: Madrilen itolarria sartzen zaizu, ezin bizirik bizi zara. Ihes egin behar duzu ahal duzun tokitik. Nik idazteari ekin nion. Ondo pasatzen nuen. Nekatua eta aspertua aurkitzen zara. Nobelara jotzen duzu eta atsegina lortzen duzu. Pertsonaietaz baliatzen zara eta hasten zara idazten. "Ea zer esaten didan gaur pertsonai honek. Ea zer beste horrek". Hasten zara bakoitzak situazio diferentetan jartzen eta ondo pasatzen duzu.
ARGIA: Orduan nobela ez da izan aldez aurretik zeneukan ideia baten bilakaera, ariketaren etekina baino ezta?
PIO: Bai halaxe da, aurrez pentsatu gabe hasi eta atera dena. Bi atal ditu nobelak arras diferenteak, hangoa eta hemengoa.
ARGIA: Ez kontatu ez kontatu, bestela... Esan daiteke autubiografikoa dela?
PIO: Ni hor nago. Liburuan nago, hor barnean. Bestela pertsonaiak eta asmatuak dira, errealitatetik hartutakoak asko, gero nik moldatuak, batzutan aldrebeskeriak ere egingo bide nituen zenbait pertsonaiarekin.
ARGIA: Idazteko orduan bale bainan argitaratzerakoan zein helburu euki dituzu?
PIO: Gazteei zerbait eskeintzea izango litzateke nere asmoa. 47 urte baditut ere hobe konektatzen dut gaurko jende gaztearekin, zaharrekin baino.
Gazte Lotsagabe Samarrak Behar Ditu Euskal Literaturak
ARGIA: Zein zentzutan, gazteei zerbait eskeintze hori?
PIO: Hemengo idazle zahar askok ba zuten zer emana eta ez dute eman. Ba zuten eta ba dute zer emana oraindik, bainan ez dute ematen. Gero ba dago gazte jende bat dagoeneko gauza ederrak eskeintzen hasi dena. Joseba Sarrionaindia esatebaterako, oso ona dugu. Begira non dagoen. Teresita Irastortza bati ere ikusten zaio ba duela sentimendua eta gauza politak esateko.
ARGIA: Jende horrentzat idazten duzu beraz.
PIO: Gehienbat bai. Horiekin topatu nahi nuke. Horiek dira etorkizuna. Lotsagabeagoak behar lukete agian lotan dauden zahar guztiak esna ditezen.
ARGIA: Hemen esan izan da gazte jende horrek ez duela zer esatekorik. Oraindik ez duela denborarik izan bizitzeko etabar.
PIO: Hortan ba dago arrazoi piskat bainan pentsa bizi eta kontatzeko dutenek ez dutela kontatzen. Ez da gainera bizitzen dena bakarrik kontatzen. Irudimena ere hortxe dago.
Batzutan Bapateko Bertsolarien Modura Idazten Dut. Datorren Bezala
ARGIA: Zein problemekin egin duzu topo idazteko orduan?
PIO: Problemak, ez dakit. Nik ez dut hiztegirik, bueno txiki txiki bat ba dago gure etxean bainan ez dut erabiltzen. Nik neronek eginiko hitz glosario bat dut. Han eta hemen jasotako hitzen bilduma. Nik txikitan Zegaman aditutako euskara erabiltzen dut, bizkaiera eta bestaldeko zenbait formaz osatuz.
ARGIA: Aditutakoa izango da bainan batua; eta joskera aldetik batzutan badu klasikoen oihartzunik.
PIO: Geroren eraginak izango dira. Batuarena normala da, ARGIA irakurtzen bait dut eta hor ikasi ere.
ARGIA: Asko orrazten al dituzu idatzitako testoak?
PIO: Egunak izaten ditut, batzutan bertsolariei bezala bapatean etortzen zaizu eta dena dagoen bezala uzten duzu hala behar bait du. Beste batzutan aldiz oso nekaturik zaudenean ez zaizu ezer etortzen edo datorkizuna oker eta desitxuros, orduan bai, orduan orraztu egin behar da. Gero eta gutxiago orrazten dut, gero eta errezago ateratzen zait. Atzo bukatu nuen etorriala idatzitako ipuin bat, hortan geldituko da, ez dut gehiago ikuituko.
ARGIA: Entzun dugu ipuin sail bat eta beste nobela bat ere bukatuak dituzula laister argitaratzekotan?
PIO: Bai, nobela egina dago eta ba dirudi udazkenerako argitaratuko didala Hordagok. 40 ipuineko beste liburu bat ere prestatu dut, herrian gertatu eta entzundakoekin moldatua.
Pilar Franco, Fragaren Anaia Eta Ezagutzen Ditut
ARGIA: Madrilen ezagutuko duzu ba jende interesgarria literatur munduan edo.
PIO: Kazetari batzu eta irratiko beste zenbait ere, bainan ez askorik
ARGIA: Pertsona kuriosoak eta seguru baietz.
PIO: Badakizue ni tallista ere banaiz, igual egunen batetan esaten didate "hik ez duk idazteko balio", eta tallak egin beharko ditut. Ba joan nintzen behin etxe aberats batetara retabio bat konpontzera eta Metro Goldin Mayer-ko zuzendari izandakoaren alargunarekin egin nuen topo. Bera izan zen Espainiara "Lo que el viento se llevó" ekartzeko jestioak egin zituena. Ba Ordiziakoa zen emakume hori, euskalduna.
... Pilar Franco eta Fragaren anaiaren etxeetan ere izan izandu naiz gauzak konpontzen. Ni horiekin!
... Haserrerik ere izaten da euskalduna zarela diozunean. Bergarako beste emakume bat ere ba dago goardiazibil baten alarguna bere semeei esaten diena: zuek hemengoak zarete eta Euskal Herriarekiko ardurarik ez baduzue hor konpon. Bainan ni euskalduna naiz eta ene sorterriari zor natzaio.
Josu LANDA. Iñaki URIA
34-36

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakBERASTEGI2
PertsonaiazBERASTEGI2
EgileezLANDA2Kultura
EgileezURIA3Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude