Zortzi mendetako artearen agerpena, Juan San Martinen lan eredugarri bat

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Juan San Martini elkarrizketa.

EIBARKO ARTEAREN ERAKUSKETA
Zortzi mendetako artearen agerpena
Juan San Martinen lan eredugarri bat
Abenduaren 20an ireki zen Eibarren, Eibarko bertako Artearen Erakusketa bat, "Caja Laboral Popular" delakoaren geletan. Arrasateko antolamendu honek gainkiroki ospatu nahi izan du bere bulegoaren tokiz aldatze eta eraberritzea, eta benetan ezin sinetsi hainako erakusketa moldatu digu, Juan San Martinen zuzendaritza eta gidaritzapean.
Inaugurazio egunean jende pila bat bildu zen erakusketaren barrena. Herri agintariak, "Caja Laboral"eko zuzendariak, kultur arazotan saiatzen den haibat herritar, kazetariak etab. etab.
Lehen hitzak, euskaraz, erakusketaren helburuak eta antolatzaileen asmoak adieraziz, Juan San Martinek berak esan zituen aurkezlari gisa. Ondoren, gaztelaniaz mintzo zen, euskaraz aurrez esandakoak errepikatuz baino, euskaraz mintzatzearren arrazoiak azalduz, hots, Eibarko arteaz hitzegiten behar beharrezko iruditzen zitzaiola euskaraz mintzatzea lehenik, euskara delako Euskal Herriak eta Eibar gure herriak duen monumenturik handiena, gauzarik artistiko garrantzitsuena, eta erakusketa horretan bildu diren obrak bezalaxe zaindu beharrekoa; denona delako, geurea delako, eta, batez ere, bere etorkizuna eta iraupena guztion erreponsabilitate eta eginkizuna delako. Eta inork ez duela eskubiderik guk gurasoengandik jaso dugun herentzia bat semeei ukatzeko. Eta eskubide hori ez dugunez, guztiok ahalegindu behar dugula geure kulturaren bide eta ezaugarririk bereziena.
Hau esan ondoren, Juan San Martinek erakusketari berari buruz ekin zion, Eibarko gainontzeko arte motak aipatuz eta erakusketan bertan bilduak ziren obra hautatuak banan banan agintariei agertaraziz.
Erakusketa honetan zortzi mendetako artearen ezaugarri batzuk agertzen dira, berrogeita bi obra konkretu azalduz. Abenduaren 20-tik urtarrilaren 20ra arte iraungo du irekirik eta aipagarri delakoan Juan San Martinengana beragana jo dugu, ZERUKO ARGIAko irakurleentzat bereziki mintza dakigun.
Hi Juanito, nik dakidanez behintzat, hi aspaldidanik ibili haiz Eibarren museo bat moldatu nahiaz. Museo hori ez duk oraindik lortu ahal izan, baina hona hemen geroagoko bilketa osatuago baten lehen erakusketa. Esaiguk zerbait hire asmo hoitaz.
-Neure arte-zaletasunak eraginki, aspaldi ohartu nintzuan Eibarren bazela gauza baliozko asko, eta azken urteotan ekin nioan arte lanak katalogatu eta fitxak egiteari. Azterketan ihardun, garaiak zehaztu, estiloak berezi etab. etab. Hor ibili izan nauk Udaletxean, eskoletan, parrokian, gainontzeko elizetan, bai eta baserriz baserri ere.
Hire ikertze lan horretan aparteko bilketarik egin ahal duk?
-Denetarik ikusi eta aztertu behar izan diat, eta baliozko gauzak bezain ganorabakokeria ugari ere bai. Hala ere, Eibarren egin ditudan bilketarik garrantzizkoenen artean, San Pedro erromaniko irudi bat dugu, lehen ere ezagutzen zena, baina erromaniko zenik inork ez zekiena. Nik neuk aditzera eman nian lehen aldiz orain dela zenbait urte. Horrez gainera, orain dela hamabiren bat urte, Agiña-ko (Aginaga) Ama Birjina, estilo klasiko gotiko bat deskubritu nian.
Baliozko arte lan hoik aurkitzeak sortu ahal zian museo bat egiteko asmoa?
-Behar bada, bilketak berak baino, arte balio hoik ezagutarazteak dakarkien ondorioak. Agiñako Ama Birjinaren kasuan, esate baterako, denboraz konturatu izan ez bagina, oraingoz galdua izan gienazakean.
Zelan galdua?
-Agiñako irudi hori deskubritu eta gero, haren berri eman nian AUÑAMENDIn, eta handik denbora gutira Gasteizko antikuario batzuek irudi hori erosi nahiez ihardun zituan. Nik emandako berriagatik izan behar, ze bestela ezin ulertu nola etor zitezkeen besterik gabe Gasteiztik Aginagara Ama Birjina horren bila. Edozein modutan, tratua eta dena egina ziaten nik jakin nuenerako. Hala ere, Don Migel Lasa parrokoa jakinaren gainean jarri nian eta zorionez irudia lehengo lekuan geratu zuan. Gertaera honek gure arte lanak zer arrixkutan zeuden ohartarazi ziguan, eta, ondorioz, museo bat edota arte balioak non bilduko leku baten premia azaldu.
Beste arrixku aipagarririk?
-Arrixkutan baino, galdu berria dugun Erdi-aroko kantoral bat. Kantoral hori erabat osorik bide zegoan 1929 urtean, Gasteizen eratu zan eliz-musika erakusketa batetan aurkeztu bait zen.
Aita Donostiak dinoanez, XIII mende azkeneko edo XIV haserakoa zuan. Nik uste diat, ordea, XIII edo behar bada XII mendekoa zela, bere grafia erromanikoa bait zuen eta ez gotikoa. Lerro bakar batez anotatua zuan, pentagramarik gabe, alegia.
Esan dudan bezala, 1929 urtean Gasteizen aurkeztu zuan, eta Eibarrera itzuli ez ziten edo gerran galdu zuan, ze Eibarren ez diagu geroztik haren arrastorik izan. Hala ere, nik neuk, pixkat buru-gogor edo, parrokiako korura igotzeko baimena eskatu nian; hasi nintzuan aztertzen eta hara non kantoral galdu horren orri bat aurkitu nuen. Bai eta XVII mende haserako kantoral bat oso osorik dagoela ikusi ere. Hamabi tomo dituk, urteko meza guztiak biltzek ditik, eta pergaminoz eskuz eginak dituk, Iñarra delako eibartar batek Toledon kopiarazi eta parrokiari erregalatuak.
Hi aipatzen duan arrixku hori izan duk, beraz, museo edota -oraingoz besterik ezinean- erakusketa hau moldatzearen arrazoia?
-Bai, nik aspaldi nian halako zerbait egiteko asmoa, bai eta inoiz horretaz idatzi ere. Asmo honen berri jakin ziten, nonbait, "Caja Laboral Popular" delako arduradunek, eta bulego berria inauguratzean zerbait egin ote zitekean galdatu zidatean. Baietz erantzun niean. Udaletxea eta Parrokiaren laguntza lortzekotan behintzat. Hala gertatu duk, eta, egia esan, laguntza eta erraztasun handia izan diagu. Horrez gainera, "Caja Laboralak" erakusketa honetan bildu diren obrak aseguratu zetik.
Erakusketa honetan Eibarko arte obra guztiak bildu ahal izan ote dituk?
-Ez, ezta hurrik eman ere. Alde batetik, zenbait ekartzerik ez dagoelako, eta bestetik, ekarri ahal izanez gero ere, guztiak biltzeko haina tokirik ez dagoelako. Ekarri ahal izan ez diren kasoetan, eta ekartzea merezi, erretratuz baliatu izan gaituk, kolorez nahiz belz-zuriz.
Hemen biltzen diren obrak partikularrak ahal dituk?
-Ez, hemen biltzen diren arte balio guztiak, Sosola baserriko harrizko irudia edo izan ezik (herri-gotikoa, XV), gainontzeko guztiak Eibarko herriaren patrimonioa dituk.
Biltzen diren arte lan hoik zein garaitakoak dituk?
-Hemen dagoen zaharren zaharrena harrizko haizkora bat duk, neolitiko garaikoa, otarre harriz egina, Gorosta-beña baserriko etxekoandreak bildua eta zer ote zen neri emana, Eibarren museorik ez dagoen artean nik gorde niezan.
Hala ere, aipatu dugun harri hau -artea izanik ere- ez zekiat ba nik zenbateraino har daitekean artetzat. Esan gura diat, zera, harri hau, artea baino, orain dela hiru-lau mila urteko erremintta soil bat dela.
Artea, arte bezala, hamabigarren mendean hasten zaiguk Eibarren, kasualidadez geratu zaizkigun San Andres eliza zaharreko aztarren erromanikoak, bai eta atari buruan dagoen San Pedro irudi erromanikoa ere.
Garai guztietako arte mota guztiak biltzen ahal dituk erakusketa honetan?
-Ba, Eibarren dauden arte estilo guztiak zeudek hemen bilduak: erromanikoa, erromanikotik gotikora arteko transizioa, gotikoa, gotikotik errenazimendura arteko transizioa, hau da, platereskoa. Gero, errenazimenduko lehen garaia, errenazimenduaren romanista estiloa. Barrokoa gero, eta barrokoaren barruan ere, hemen inguruan erabiltzen zuan barroko berezia, eta Valladolid eskolako estiloa.
Eta garaiz garai ez ahal zegok hutsunerik?
-Bai. XVII mende azken partetik XIX mendearen azken parterarte hutsune bat agertzen duk. XIX mende honetan azaltzen ziaguk neoklasikoa, eta estilo honetan sartzen ditiat, nik neuk behintzat, Zuloaga pintatzailea eta Elgezua irudigilea.
Zer deritzak hik berrehun urteko hutsune horri?
-Uste diat hutsune berberorri Euskal Herri guztian izan dugula, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, oso nabarmen gainera, ekonomia problemagatik batik-bat:
Hemen biltzen diren obra guztien artean zeintzuk dituk baliozkoenak edota aipagarrienak?
-Estiloak eta materialak guztiz desberdinak dituk eta bereztea ez duk batere erraza. Dena den, onenak ez baina bitxienak, hemen inguruan agertzen ez direnak alegia, bi dituk. Bata XVI mendeko bidriera plateresko bat, San Andres parrokian osorik iraun duen bakarra. Bestea, Arrateko XVI mendeko muralak, zoritxarrez aski galduxeak daudenak.
Arte balioari bagagozkio, berriz, lehen aipatu dugun Aginagako Andra Mari irudia, gotikoa, XV mendekoa. Eta pinturen artean, XVII mendeko oleo bi.
Beste gauza bitxirik?
-Ba, arte balio handikoak ez badira ere, kontutan hartzekoak dituk beren mailan, Euskal Herrian zenbait mendetan zehar landu diren bi arte mota, burdin lantze eta zeramika lana.
Horra, esate baterako, Arrateko herraje eta azulejoak. Bat zein beste XVII mendekoak dituk, barroko girokoak, eta eskuz landuak zaharretan eginak eta azulejoak, Herrajeak sasoi batetako ferreria berriz, eskuz margotuak, zeramikaren teknika berberaz baliatuz.
Azkenik, nolabait amaitzeko, paktrikaren aldetik zer irakas diezaigukek erakusketa honek?
-Nik esperientziaz zekiat zenbat kostat ziaidan artea ikastea estiloak bereztea eta jokera tarte edo tranzisioak igartzea. Hoik guztiak ezagutzeko asko ibili behar izan diat, liburuetan barrena lamina asko eta asko ikusi, xehetasunez konturatu etab.
Hala ere, liburuetan baino, neure ibilaldietan jakinbide gehiago aurkitu ahal izan diat. Eta noiz edo noiz hontaz edo hartaz zerbait galdetu behar izan dudan bakoitzean, Gipuzkoan ez diat maisu mailan estiloak berezten dakien gizon bakar bat baino aurkitu, Manuel Lekuona, eta Bizkaian, berriz, bat ere ez. Errazimenduaz badiagu beste bat, maistra bera, oso ona, Ama Arrazola; baina, osterantzean, konturatu nauk jendeak ez dakiela estiloak berezten, ez dakiela estiloen berri.
Era berean konturatu nauk, azalpide gutirekin zein erraz erakus liezaiokean jendeari, irudiak aurrez aurre erakutsiz, irudiak ikusirik liburuetan baino askoz ere errazago ikasten duk eta.
Beraz, beste zenbait asmoren artean, erakusketa honek, gure herri honetan ari den hainbat ikasleren lagungarri nahi likek izan, liburuetan ezezik, zortzi mendetako estiloak herrian bertan bai bait ditugu.
Amaitzeko, erakusketa honek izango ahal dik jarraipenik?
-Behar bada ez. Gainera, inoizko baten beste bat egingo balitz, obra guztiz desberdinak agertu arren, estiloak berdin berdinak izango hituzke.
Eskerrik asko ba, Juanito, Hilabete osoa iraungo duen erakusketa honek museo baten amila eta hedadura izango ez duen arren, geroago sort daitekean asmo osatuago baten suspergarri izan zitekek seguru asko, eta, beti ere, guztiok nahi genukeen museo horren lehen emaitza.
LUIS A. Aranberri
XVI mendeko erretabluko parte berezi bat
San Pedro irudi erromanikoa XII mendekoa
Juan San Martin, arduradun eta antolatzaile
Aginagako Andra Mari irudi gotikoa XV mende hasierakoa
12


GaiezKulturaArteaErakusketak
PertsonaiazSAN MARTIN1
EgileezARANBERRI1Kultura

Azkenak
Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Espainiako Gobernuak ondorioztatu du itzalaldiaren errua Red Eléctrica de Españak eta argindar konpainiek dutela

Itzalaldiaren ondoren sortutako komiteak eginiko txostena aurkeztu du astearte gauean Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak. Horren arabera, "hainbat faktoreren batasunaren" ondorioz sisteman gehiegizko tentsioa izan zen, kate erreakzio gisa. Txostenak... [+]


Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Zein ama ospatu?

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea,... [+]


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


Eguneraketa berriak daude