Julio Caro Baroja Bere Osabaz Mintzo


1973ko urtarrilaren 07an
Julio Caro Baroja Bere Osabaz Mintzo
Abenduaren 28an, Itzean, Pío Barojaren Ehun urteburua Ospatuz
Joan den abenduaren 28an, urte zaharra bere azken hatsak botatzen ari zela, Nafarroako Bera Bidasoan Pio Baroja zenaren ehunurteburu justua ospatu zen. Ehun urte, hain zuzen, gure eskritore aipatua Donostian jaio zéla.
Gertakizun hori zela: medio, Beran jende multzoa bildu zen: eskritore, artista, kritiko, kazetalari, bakantzetan dagoen bertako zenbait ikasle, Barojatarren familiako zenbait lagun, adiskide, herriko jende, eta beste.
Goizetik eguraldi eguzkitsu zoragarria zegoen: gure paisajearen margorik fin, legun eta aberatsenak hegosize negutiarraren arnasa garbikorrez nabarmen erazten dituen eguraldi horietako bat. Urdin, herdoil, ubel, berde-gris, añil koloreek, elkar osatuz, gure lurraren azala koadro bizikor paregabea bihurtzen duten egun horietakoa.
Arratsaldean berriz, bazkal ondoan, hodei eta lanbro ilunek Bidasoaren xoko hura bildu egin zuten, eta goiz argitsuaren osagarri bezala euri lodi, sakon eta patxaratsua ixuri. Bazirudien eguratsak ere Baroja zahar hari egiten zitzaion omenaldi apal hartan parte hartu nahi zuela.
Apala omenaldia, baina horrela hobe. Jendeen egunerokotasunetik pixka bat baizik ateratzen ez diren gertakizun horien antzeko zerbait; festa bat, baina zaratarik gabe kanpairik jo gabe, zintzurra engolatu gabe. Esan liteke ia, ia jendea bere eguneroko lanetik atera beharrik ere gabe. Bai.
Eguerdian, pintura esposizioa -montatua zegoen aretoan, Julio Caro Berako historiaz, eta Baroja familiak herri harekin orain hirurogei urtetik honuntz trabaturik daduzkan harremanetaz mintzatu zen, ohi bezala, xarmanki.
Ondoren, euskaldun artista eta Hargin batzuek pentsatu eta eginikako oroitarri bat ezarri zen Itzea etxe aurreko soroan. Ibardinerako bidea eta Xantel-erreka deitzen den ur-xirriparen tartean dagoen soro ttipi hartan. Oroitarri borobilak lauburu baten irudia darama, eta azpian izen soil bat: Pio Baroja. Irudiaren atzeko aldean berriz, euskerazko izkribu bat, harri harren arrazoia adieraziz.
Bi gertakizun horien ondoren, jendea han inguruko ostatuetara bazkaltzera bildu zen. Guk ere horrela egin genuen.
Arratsaldean, bazkal-ondoan, ia illunabarrean, Itzeara hurbiltzen naiz. Euripean eta lanbro tartean, etxe zahar eta sendo harek, bere leihoetako argiekin, gordeleku, bilduleku atsegingarri dirudi. Eta hala da. Gela nagusietako batean beheko sua pizturik zegoen... Elkarrizketa hontara aldez aurretik prest zegoelarik, Julio Caro jauna deitzen dut, agertzen da eta suaren ondora narama. Eta horrela, beste gela batean dauden lagun eta adiskideangandik une batez bazterturik, galdera-erantzun hauen aria aurrera daramagu.
Mintzatzen hasten delarik, eta lehen ikusi batean, Julio Carok gizon eszeptiko eta nekatua dirudi (inpresio ber hori askotan egin dit). Baina solaskideekin komunikatzen doan arabera, irriñoa, ironia, xamurtasuna eta bere ideien indarra gero eta gehiago nabarmentzen zaizkio. Eta inpresio-kontraste hori neri oso atsegingarri egiten zait.
Oraingo hontan, galdezka hasten natzaio.
–Gaur eguerdiko zure mintzaldian, Berak, eta Euskal Herriak oro korki, zure osaba eta familia herri hontara etorri ziranetik honuntz nabarmentzen dituen aldaketa eta desberdintasunetaz mintzatu zera. Zer aldaketa da hori? Pio Barojarentzat zer legoke aldaturik ordutik honera?
–Gauza asko. Paisajea, jendearen nortasuna (karakterra ), ekonomi aldetitako egoera... Ezaugarri horietatik batzuk onerako aldatu direlakoan nago, besteak txarrerako. Baina agian ordutik honuntz gehien aldatu dena gazteriaren izpiritua eta kulturarenganako kezka izan diteke. Nere familia orain hirurogei urte aurretik Bera Bidasoara etorri zenean, eta berdin askoz geroago ere, pentsa ezinezkoa zitekeen orduko gazteriaren baitan gaurkoarenean nabarri diren kezka hanek topatzea: artea eta jakintzarenganako zaletasuna; bai gaztelania, bai euskerazko literaturaren lantzea, etabar. Berdin esan dezaket neure osaba bezalako gizon eztabaidatu bati gaurko gazteriak dion errespetu eta nahimen maitetsuaz. Horrelako gauzarik urte haietan ezinezko zen. Alde hortatik gauzak asko aldatu dira, eta urte gutxitan gainera; hemen, Beran, zortzi bat urtetik honuntz, esango nuke. Fenomeno horri positibo eta aipagarri deritzat; egia da bai, horrekin batera oso une zail, nahasi eta problemadun batetan gaudela. Baina, hala ere, aipatutako giro-aldatze hori aurreranzko pauso bat da.
–Hori horrela izanik, gaur beste fenomeno bat ere gertatzen da. Alegia, instituzio maitan, erdi-ofizialki, zenbait jenderen iritzietan Pio Baroja onartu bezala egiten da. Onartze horri benetakoa ahal deritzazu, hau da zure osabaren literatura eta idelén esan-nahietan benetan finkatutakoa, ala bestalde taktikaz, mimetikoki edo eguneko giroari atxikia agertzearren hartzen den postura bat? Egoera ideiak, errealitatea hainbeste aldatu ahal dira?
–Zail da pentsatzen onartze hori zeharokoa eta bene-benetakoa denik. Baina aldaketa horren arrazoinetaz ere zerbait garrantzitsu nere ustez gertatu da. Lehen, sarritan gertatzen zen, eta ez nere osabaz bakarrik, beste eskritore askotaz ere baizik, jendeak, bere uste eta opinioneetan, aurreiritzi eta "klixe" bai politiko bai erlijioso oso hestuak erabiltzen zituela. Alegia, egunkari, aldizkari edo beste nolabaiteko publikodun autoritate batengandik honako edo halako iritzi edo debekuren bat jaurtitzen bazen, opinione hura itsu-itsuan onartua izaten zela "mezulari" harek bezela pentsatzen zuten (edo alderdi politiko berekoak ziren) guztiengandik. Gaur egun morrontza mota hori hausi edo, gutxienez, aldatu delakoan nago. Jendeak ez du erizten "honek" edo "harek" diolako soilik, beste informazio-bide eta kriterio zabalagoengatik baizik. Horrela, nahiz eta jendeak gaur oraindik nere osabaren lana eta nortasuna gehienetan ongi ezagutu ez, bada zerbait, askatasun pertsonalaren-zentzu aldetik, aurreiritzien aurka (eskubiko ala ezkerreko) eta nere osabaren zale agertzea. Uste dut, bai eta ere, Europan, azken hogeitamar edo berrogei urte hauetan, gehiegi pentsatu dela "goitik" zetozen iritziei itsu-itsuan jarraituz, era masifikatu batean, eta orain denok hortaz oso asperturik gaudela eta argibide berriak nahi ditugula. Protesta-giro eta jakin-nahi gori bat gutxienez bada, eta, horri, joera bat baizik ez bada ere, ongarri deritzat.
–Uste ahal duzu zure osabari kritikaren aldetik, etabar, egin zaion literatur aldetikako baloratzea zeharo bukatua eta osatua dagoela... edo hutsune, itsukeria eta arinkeriarik badagoela? Zer derizkiozu?
–Ez, ez, benetako kritika sakon eta aberatsa ez dago bukatua, ez osatua; maila askotan oraindik egiteke dago. Nik uste dut gaur egun Espainiako kritikagintza oso eskasa eta baldarra dela. Uste dut, bai eta ere, nere osabaren nobelek, agertu ziren garai hartan, askotaz ere kritika sakonagoa izan zutela, azken hirurogei urte hau etan baino. Iruditzen zait Azorin edo Ortegaren kritikak, edo nere osabaren nobeletaz don Juan Valera-k edo Unamunok zeduzkaten iritziak askotaz ere sakonago, zuhurrago, probetxugarriago eta errealitateari lotuago zirela gaurko kazeta eta egunkarietako kritikoak, beren "ofizoaren" amore senagatik maiz esaten dituzten tentelkeriak baino. Eta berdin literaturaren irakasleek gehienetan diotena ere baino.
Eta uste dut nere osabaren lana hemendik urtetara bere begi batzuekin begiratua izanen dela, eta ordukoek orainguek ikusten ez dakiten gauza interesgarri asko topatuko dutela bertan, hau da, garai bakoitzeko kritikak objeto berean gauza desberdinak topatuko dituela eta balorazioa ere aldatuz joanen dela. Hala ere, ziur nago nere osabaren kritika geroagora oraingoa baina asketaz ere hobeagoa egingo dela; eta horrekin batera, nere osabak bere liburuak argitaratuko zituen garaieko kritikek ere baliotsu bezela iraungo dutela.
–Beraz, gaurko kritika eta kritikoekin ez zaude ados. Oso maila behekoa dela iruditzen zaizu gaur egungo kritika. Zergatik diteke hori horrela?
–Profesionalizatze ofizial eta ustel xamarra dagoelako. Hau da: lehen, garai batean, kriitikoa horretarako bokazio edo gogua zedukan gizona izan ohi zen. Irakurtzea gustatzen zitzaion, bere ondorenak ateratzen, zituen, eta lan horretan sarturik bizi ohi zen Orain berriz mila arrazoi edo sasi-arrazoirengatik egin ohi du jendeak literatur kritika... Katedra batetarako literaturaren Kondaira bezalako gaiak eskatzen direlako adibidez .Gero, dakigun bezala, ehunurteburuak, biltzarrak, txapelktak izugarri ugaldu direlako, eta ugaldu bai eta... Literaturaren gain ingurnan (parasitoki) bizitzeko bide eta moduak ere. Horrela, erdipurdiko jende asko dabil hor zehar literatur kritika eginaz; literaturaz benetako afizio eta nahimenik ez duen jendea. Askotaz ere gehiago arduratzen dira beren buruaz, edo berek esandakoaz "honek" edo "harek" zer iritziko duenaz ez eta literatur kreazioko gaietaz baino. Bigarren eskuki iritziak, jakiteak, etabar direla medio, izugarrizko profesionalizatze kaxkar bat dago ofizio horretan.
Eta jakinña, hori guzti hori neretzat aberrazio hutsa da; literaturaren iturrietara jo beharrean, texto-liburu, artikulu, bigarren mailako aipamen, oposizioetarako programa eta horrelakoen bitartez literaturaren ezaguera egitea alegia... Baina, zoritxarrez, gaurregun horrela egiten da, eta hori izugarrizko atzerakada bat ezateaz gainera, literatur fenomenoaren antzutze negargarria dela uste dut.
Pio Barojaren ehunurteburua dela eta, Josep Pla katalandar eskritoreak "Destino" aldizkarian idatzi berria du, agian, egunen batean, don Pioren benetako biografia sakona, bere iloba Juliok idatziko duela... Zer diozu esaldi hortaz? Horrelakorik noizpazit gerta ahal liteke?
-Egia esan, neretzat oso eginkizun zaila litzake nere osabaz kanpotik eta objetiboko bezala idazten hastea; inbestigatzen, kritikatzen, datoek biltzen etabar... Ez dut uste, benetan, horretarako gogo haundirik izango dudanik. Eta ez da beste kritiko edo historigileek esan lezaketenaren beldur naizelako, ez. Neretzat nere osaba Pio literato baino gehiago pertsona xamur eta nereetakobat delako baizik; jamiliako lagun maite eta errespetatu bat. Horrek ez du esan nahi ere, neretzat literaturgile bezala oso baliotsu ez denik; baina bere balio horren gainetik edo haratago daude neretzat sendi-loturarik sortutako hainbeste urtetako harreman eta sentimenduak.
Uste dut, gainera, nere osabaren nortasuna, bere kontestoan, hogeigarren mendeko historia sozialaren barruan aztertu beharko litzakeada, eta ez soilik literatur kritikatik begiratuta. Literatur kritaka, kritikagile eta historigileek besterik uste badute ere, eginkizun ttipi eta atomizatu bat baizik ez da gaurko mundu honetan. Eta ziur nago, beti egon naizen bezala, Cervantes-en lanetan askotaz ere gauza interesgtarriagoak daudela ez Cervantes-zale batek esan lezazkeanetan baino.
Azken galdera bat egin nahi nizuke, eta agian asmakizunetan sartuko gera; BAINA GALDERA HAUXE DA: Pio Baroja gaur bizi balitz, gaurko Bera, gaurko Euskal Herria gehiago edo gutxiago gustatuko ote litzaizkioke berak orain berrogetamar, hirurogei urte aurretik ezagutu zituenak baino?
Benetan uste dut gaurko zenbait jende asko gustatu eta interesatuko litzaizkiokeala; baina uste dut, bai eta ere, gure inguruak, fisikoki, izugarrizko tristura sortuko liokeala. Bera jaio zeneko Euskal Herria, Gipuzkoa orain ehun urte, Nafarroa garai hartan, paisaje, lur giro, urbanistika askotaz ere politago, atseginago ziren, estekikoki, gaurko hauek baino. Tristura haundi batekin esan beharra dago: Euskal Herria itsusituz doa. Eta gure drama izugarrietako bat hori da: lurra, ingurua, hain ttiki ta hestuak izanik, arrazoin fisiko eta ekonomikoak direla medio, azken urteotan izorratzen eta maxinatzen joan da. Jende aldetik berriz uste dut hobeagotuz eta indartsuagotuz doala; jende interesgarri asko dago orain Euskal Herrian. Baina gure problematako bat hori izango da: hain jende eta herri interesgarriak gero eta bizileku eta inguru fisiko txartuago bat sufritu beharko duela. Benetan latza da problema hori eta hortan sakon aztertzea behar-beharrezkoa dela uste dut.
Itzean isiltasuna egin da. Gaua ere isil-isila dago, Julio Caro-ir bere erantzunak bihotzez eskertu eta lanbro artean etxeruntz abiatzen naiz. Bai; gauza asko eta asko ongi aztertu beharra dago gure Euskal Herri hontan.
Xabier Lete
1


GaiezKulturaLiteraturaIdazleakBAROJA1
PertsonaiazBAROJA1
PertsonaiazCARO BAROJ1
EgileezLETE1Kultura

Azkenak
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


Eguneraketa berriak daude