Triñeru Berri Bat Oiartzunen
Bere izena: "Zuberoa". Arraunlariak: oiartzuar eta ondarrabitarrak.
Triñeru kontutan Imanol Arbelaiz ez da izen berria. Orain dala amabi urte, Oiartzungo alkate zanean, gazte talde bat erriko-etxera eldu zan: arraun egiteko gogoak zituela eta ortarako triñeru bat bear zutela esan zioten. Eta orrela, alkatearen bidez, Oiartzun estropadetan sartu zan.
Aurten ere Imanol Arbelaiz arraun "salsan" ikusiko degu berriz. Nola? Ber-berak esango digu.
-Ikusten danez Ondarribin aurten arraunlari batzuk beste triñeru bat atera nai zuten. Baiñan ortarako zailtasun asko arkitu zituzten, eta "goiko jende" batzuek ez zuten bere baimenik eman. Orduan Iruna laguntza billa joan ziran, eta an Behobiko bar baten jabeakin itzegin zuten onen gain. Behobiko jaun orreri idea ona iruditu zitzaion.
-Zer gertatu zan, orduan?
–Leenago Ondarrabin bezela zailtasun aundiak agertu ziran, eta an ere "goitik" beren naiak debekatuak izan ziran. Orduan andik ies egin zuten eta neregana etorri ziran. Neri euskal kirolak atsegin zaizkit eta, izketaldi batzuen ondoren, triñeru berri bat eratzeko erabakia artu genduen.
-Oiartzunen arraunlaririk ba aal dira?
–Bai noski. Emengo gazteak oso indartsuak dira eta arraunean ere paper ona egin lezakete. Baiñan indarra bakarra ez da aski eta gure Ondarrabiko arraunlariek arraun-teknika erakutsiko digute, Ondarrabin arraunkada dotorea dute, ba.
–Nola dabil triñeru-ontzi kontua?
–Orain utzi diguten triñeru batekin entrenatzen asiko gera. Baiñan egun auetan bertan triñeru-ontzi berri bat guretzat enkargatuko degu. Baliteke Ondarrabiko Olaziregi astilleroetan egitea. Esan didatenez, 80.000 pezta inguruan balioko du.
-Zer diruz asi zarete?
-Asieran nik jarriko det diru geiena. Baiñan club edo billera bat antolatu degu gero danon artean triñerua aurrera ateratzeko. "Zubero Billera" izando da.
–Nundik dator izen ori ?
–Nik emen, Oiartzunen, jatetxe bat det, eta bere izena triñeru-entzat artu degu. Orrela jatetxea ezagunagoa izango da.
–Estropadetan irabazitako dirua ez aal dezu nai?
–Ez. Sariak arraunlarien artean zatituko ditugu. Nere jatetxera jende geiago etorri ezkero ni konforme geldituko naiz.
–Nun izango dira zuen entrenamentuak?
–Leenbizi Donostiako Kontxan, jendeak gure triñerua ezagutu dezan. Gero erabakiko degu. Gure margoak zuri eta urdiña izango dira, Oiartzunen koloreak.
–Laguntzarik arkitu aal dezute?
–Donostiako C.A.T.'ek bere triñerua opa digu. Donostian entrenatu nai badegu.
Onera iristean, bermuta artu ondoren, jatetxea atzean utzi genduen eta an utzi genduen Imanol Arbelaiz arraun gauzetan pentsatzen.
XABIER ARCELUS
Oiartzuarrak euren saiaketetan ibiltzen duten triñerua.
10